Mateo 26:30-39 Elizen Arteko Biblia (EAB)

30. Gorazarreak kantatu ondoren, Oliamendira abiatu ziren.

31. Jesusek esan zien: «Zuek guztiok niregan duzuen sinesmenak huts egingo du gaur gauean, honela baitago idatzia Liburu Santuetan: Joko dut artzaina eta ardiak sakabanatu egingo dira.

32. Baina piztu ondoren, aurretik joango natzaizue Galileara».

33. Pedrok esan zion:—Zureganako beste guztien sinesmenak huts egiten badu ere, nireak inola ere ez.

34. Jesusek erantzun:—Benetan diotsut: Gaur gauean, oilarrak jo baino lehen, hiru aldiz ukatuko nauzu.

35. Pedrok esan zion:—Zurekin hil behar badut ere, ez zaitut inola ere ukatuko.Eta gauza bera zioten ikasle guztiek.

36. Jesus bere ikasleekin Getsemani zeritzan landa batera iritsi zen, eta esan zien: «Zaudete hemen, ni hara otoitz egitera noan bitartean».

37. Pedro eta Zebedeoren bi semeak eraman zituen berekin. Tristura eta larria sentitzen hasi zen,

38. eta esan zien: «Hiltzeko zorian nago tristuraz. Gelditu hemen eta zaudete erne nirekin batera».

39. Eta aurreraxeago joanik, ahuspez erori zen eta otoitz egin zuen, esanez: «Ene Aita, ahal bada, urrun ezazu niregandik edari samin hau. Hala ere, egin bedi zuk nahi bezala, ez nik nahi bezala».

Mateo 26