Markos 10:17-27 Elizen Arteko Biblia (EAB)

17. Bidean abiatzera zihoala, gizon bat etorri zitzaion lasterka eta, aurrean belaunikaturik, galdetu zion:—Maisu ona, zer egin behar dut betiko bizia ondaretzat jasotzeko?

18. Jesusek erantzun zion:—Zergatik esaten didazu ona? Inor ez da ona Jainkoa besterik.

19. Badakizkizu aginduak: Ez hil inor, ez egin adulteriorik, ez ostu, ez egin gezurrezko testigantzarik, ez egin kalterik, ohoratu aita-amak.

20. Hark, orduan:—Maisu, gazte-gaztetandik bete izan dut hori guztia.

21. Jesus maitasunez begira jarri zitzaion eta esan zion:—Gauza bat falta zaizu bakarrik: zoaz, saldu daukazun guztia eta eman behartsuei, zeure aberastasuna zeruan izan dezazun; gero, zatoz eta jarraitu niri.

22. Hitz hauek entzutean, ilun jarri zen gizona eta atsekabez joan, ondasun handien jabe baitzen.

23. Inguruan begiratuz, Jesusek esan zien bere ikasleei:—Bai nekez sartuko direla aberatsak Jainkoaren erreinuan!

24. Harriturik utzi zituen ikasleak esaldi honek. Baina Jesusek, berriro ere:—Ene semeok, zaila da benetan Jainkoaren erreinuan sartzea.

25. Orratzaren begitik gamelua igarotzea errazago, aberatsa Jainkoaren erreinuan sartzea baino.

26. Ikasleek, gero eta nahasiago, honela zioten beren artean:—Nor salba daiteke, orduan?

27. Jesusek begira-begira jarri eta esan zien:—Gizakientzat bai ezinezko, baina Jainkoarentzat ez, dena baitezake Jainkoak.

Markos 10