3-4. Beste bi leinuei eta Manasesen leinu erdiari Moisesek emana zien jadanik ondarea Jordan ibaiaz ekialdera. Joseren ondorengoak bi leinutan banatzen ziren: Manases eta Efraim. Moisesek Lebiren leinukoei ez zien lurralde-zatirik eman, gainerako leinuei bezala, zenbait hiri baizik, inguruetako lurrekin batera: hiriak beraiek bizitzeko, eta herri-lurrak artalde eta aziendentzat.
5. Jaunak Moisesi agindu bezala banatu zuten israeldarrek lurralde hura.
6. Behinola, Judaren leinuko batzuk Josuerengana etorri ziren, Gilgalera, eta haietariko batek, Jefuneren seme Kaleb keniztarrak, esan zion: «Badakizu zer esan zion Jaunak Moisesi, Jainkoaren gizonari, zuri eta niri buruz Kadex-Barnean.
7. Berrogei urte nituen Moisesek, Jaunaren zerbitzariak, Kadex-Barneatik lurralde hau ikertzera bidali ninduenean; barruak agintzen zidan eran eman nion hemengo berri.