Jeremias 44:24-25-30 Elizen Arteko Biblia (EAB)

3. Egin dituzten gaiztakeriengatik gertatu zaie hori: iraindu egin naute, ez zuek, ez zuen gurasoek, ez beraiek ezagutzen ez zenituzten jainkoei intsentsua errez eta kultua emanez.

4. Etengabe bidali dizkizuet neure zerbitzari profetak esanez: “Ez egin horrelako egintza higuingarririk, gorroto baititut”.

5. Baina ez didazue aditu, ez jaramonik egin, ezta gaiztakeriatik itzuli eta jainko arrotzei intsentsua erretzeari utzi ere.

6. Hala, lehertu egin da nire haserre-sumina, eta erre egin ditu Judako hiriak eta Jerusalemgo kaleak: hondamendi eta eremu bihurtu dira, eta halaxe daude orain.

7. «Orain, bada, nik, Jaun ahalguztidun honek, Israelen Jainkoak, galdetzen dizuet: Zergatik nahi duzue zeuen buruen galbide izaten jarraitu eta, horrela, Judako gizon eta emakumeak, umetxo eta bularreko haurrak suntsiarazi eta zeuen herria bizilagunik gabe utzi?

8. Zergatik iraintzen nauzue zeuen idolatriazko jardueraz, bizitzera etorri zareten Egipton jainko arrotzei intsentsua errez? Horrela, suntsipena erakarriko duzue zeuen gainera, eta madarikazio eta iseka-gai bihurtuko zarete munduko nazio guztien aurrean.

9. Ahaztu egin al dituzue, zuen gurasoek, Judako erregeek eta beraien emazteek, zeuek eta zeuen emazteek Judan eta Jerusalemgo kaleetan egindako gaiztakeriak?

24-25. Jeremiasek honela jarraitu zuen herriari, bereziki emakumeei, hitz egiten: «Entzun Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak, Egipton bizi zareten judatar guztioi damaizuen mezua: Zuek, emakumeok, ahoz esan eta eskuz egin! Bete egin behar omen dituzue, zeruko erreginari intsentsua erre eta isur-opariak eskaintzeko hitzemandako botoak. Bete, bai, zeuen botoak, egin hitzemandakoa!

26. Baina entzun ongi, Egipton bizi zareten judatarrok, nik, Jaun honek, nire izen handiagatik zin eginez, esaten dizuedan hau: Zuetako inork ez du aipatuko nire izena Egipto osoan, “Ala Jainko Jaun bizia!” esanez.

27. Erne nago, bai, baina ez zuen onerako, kalterako baizik: Egipton zaudeten judatar guztiak gerraz eta goseak galduko zarete, denok galdu ere.

28. Gerratik ihes egindako banaka batzuk bakarrik itzuliko dira Egiptotik Judara. Orduan jakingo duzue Judatik ihes egin eta Egiptora etorri zaretenok, noren hitza betetzen den, nirea ala zuena.

29. Hemen bertan zigortuko zaituztet. Eta froga bat emango dizuet zuen aurkako nire mehatxuak egiaz beteko direla jakin dezazuen:

30. Hofra faraoia, Egiptoko erregea, bera hil nahian dabiltzan etsaien esku jarriko dut, Judako errege Sedekias, bera hil nahian zebilen Babiloniako errege Nabukodonosorren esku jarri nuen bezala».

Jeremias 44