Jeremias 44:17-20 Elizen Arteko Biblia (EAB)

17. Jadanik erabakia daukaguna egingo dugu: Istar zeruko erreginari erreko diogu intsentsua eta eskainiko isur-opariak; lehenago ere hala egin izan dugu geuk, geure guraso, errege eta buruzagiek Judako hirietan eta Jerusalemgo kaleetan. Orduan, asetzeraino genuen ogia eta zoriontsu bizi ginen, inolako zorigaitzik ikusi gabe.

18. Baina zeruko erreginari intsentsua erre eta isur-opariak egiteari utzi diogunetik, kale gorrian gaude, goseak eta gerraz hiltzen.

19. Emakumeek are gehiago zioten:—Zeruko erreginari intsentsua erreko diogu eta isur-opariak eskainiko, bai horixe! Gure senarrak ere bat datoz gurekin Istarren irudiarekin opilak egiteko eta isur-opariak eskaintzeko.

20. Orduan, erantzun hori eman zuten gizon-emakume eta jende guztiari esan zien Jeremiasek:

Jeremias 44