Jeremias 34:18-19-22 Elizen Arteko Biblia (EAB)

2. Jaunak, Israelen Jainkoak, Judako errege Sedekiasi bere mezua adieraztera bidali zuen Jeremias: «Honela dio Jaunak: Hara, hiri hau Babiloniako erregearen esku uzten dut, erre dezan.

3. Zeu ere ez zara libratuko; harrapatu egingo zaituzte eta menderatzailearen eskuetara emango: Babiloniako erregearekin aurrez aurre topo egin beharko duzu. Gero, Babiloniara eramango zaituzte.

4. Halere, entzun, Sedekias, Judako errege horrek, Jaunak esaten dizun hau ere: Ez zara bortxaz hilko.

5. Bakean hilko zara, intsentsua erreko dute zure ohorez, zure aurreko erregeen hiletetan egin ohi zen bezala. Hileta joko dizute, esanez: “Ai gure Jauna!” Nik, Jaunak, esana».

6. Jeremias profetak mezu hau guztia adierazi zion Judako errege Sedekiasi Jerusalemen.

7. Bitartean, Babiloniako erregearen gudarostea Jerusalemi eta artean Judan tinko irauten zuten bi hiri gotorrei, Lakix eta Azekari, erasotzen ari zen.

8. Jaunak beste behin ere hitz egin zion Jeremiasi. Sedekias erregeak esklaboak askatzeko hitzarmena egin zuen Jerusalemgo jendearekin:

9. nork bere zerbitzuan zituen esklabo hebrearrei, gizonezko nahiz emakumezko, askapena eman behar zien, judatarrik bere senidearen esklabo ez gertatzeko.

18-19. «Judako eta Jerusalemgo buruzagiek, errege-jauregiko funtzionarioek, apaizek eta herritarrek hitzarmena egin dute nire aurrean, zekor bat hil, erdibitu eta bi zatien erditik igaroz. Gero, ordea, hautsi egin dute hitzarmena, emandako hitza janez. Horregatik, erditik ebaki zuten zekorra bezala erabiliko ditut.

20. Haiek galdu nahian dabiltzan etsaien esku utziko ditut, eta haien gorpuak hegazti harraparien eta basapiztien janari izango dira.

21. Judako errege Sedekias eta bere funtzionarioak, beraiek galdu nahian dabiltzan etsaien esku utziko ditut, orain hiriari erasotzeari utzi dion Babiloniako erregearen gudarostearen menpe eroriko dira.

22. Hiri honen aurka borrokatzera itzuliko dira nire aginduz, konkistatu egingo dute eta erre. Judako hiriak eremu bihurtuko ditut, bizilagunik gabe utziz. Nik, Jaunak, esana».

Jeremias 34