Irteera 32:15-22 Elizen Arteko Biblia (EAB)

15. Moises menditik jaitsi zen, legearen harlauzak eskuetan zituela. Harlauzak bi aldeetatik idatziak zeuden:

16. Jainkoak berak eginak ziren eta haietan idatzia ere Jainkoak berak zizelkatua zen.

17. Herriaren oihuak entzutean, Josuek esan zion Moisesi:—Entzun, guda-oihuak kanpalekuan!

18. Moisesek erantzun zion:—Ez dira garaileen oihuak, ezta garaituenak ere; festa-oihuak dira entzuten ditudanak.

19. Kanpalekura hurbildu ahala zekorra eta dantzak ikusi zituenean, haserre-sutan jarri zen Moises, eta harlauzak, eskuetatik jaurtiz, mendi barrenaren kontra puskatu zituen.

20. Zekorra hartu, sutara bota eta xehe-xehe egiteraino erraustu zuen; gero, errautsa uretan nahastu eta israeldarrei edanarazi zien.

21. Eta Aaroni galdegin zion:—Zer egin dizu herri honek? Nola eginarazi diozu halako bekatu larria?

22. Aaronek erantzun zion:—Ene jauna, ez zaitez sumindu. Ongi dakizu herri hau okerrera emana dela.

Irteera 32