Eginak 19:13-29 Elizen Arteko Biblia (EAB)

13. Harat-honat zebiltzan judu exortzista batzuk ere Jesus Jaunaren izenaz baliatzen hasi ziren, espiritu gaiztoak botatzeko. Honela esaten zieten: «Paulok hots egiten duen Jesusen izenean, irteteko agintzen dizuet!»

14. Apaizburu zen Eskeba izeneko judu baten zazpi seme zebiltzan horretan.

15. Baina espiritu gaiztoak erantzun zien: «Ezagutzen dut Jesus eta badakit Paulo nor den. Baina nor zarete zuek?»

16. Bat-batean, espiritu gaiztodun gizonak gainera oldartu eta menpean hartu zituen denak, eta hain gogor eraso zien, ezen larrugorrian eta zauriturik ihes egin behar izan baitzuten etxe hartatik.

17. Efesoko bizilagun guztiek, judu eta greziar, izan zuten gertakari honen berri. Beldurrak harturik gelditu ziren denak eta Jesus Jaunaren izena handiesten zuten.

18. Fededun berri askok ordu arteko beren jarduera okerrak agerian aitortu zituzten,

19. eta aztikeriatan ibilitako askok beren liburuak pila batean bildu eta denen aurrean erre zituzten. Egindako kontuen arabera, zilarrezko berrogeita hamar mila txanpon balio zuten liburuok.

20. Horrela, Jaunaren ahalmenari esker, mezua zabalduz eta finkatuz zihoan.

21. Honen guztiaren ondoren, Jerusalemera joatea erabaki zuen Paulok Mazedonia eta Akaiatik igaroz. Eta han izan ondoren, Erromara ere joan behar zuela pentsatu zuen.

22. Bere laguntzaileetarik bi, Timoteo eta Erasto, Mazedoniara bidali zituen, baina bera Asia probintzian gelditu zen oraindik aldi batean.

23. Bitarte horretan, iskanbila gogorra sortu zen Efeson, kristau-bidea zela eta.

24. Bazen han Demetrio zeritzan zilargin bat. Artemisa jainkosaren tenpluko iruditxoak landu ohi zituen zilarrez, artisauei irabazi ederra ematen zielarik.

25. Bildu zituen, bada, artisauok eta ogibide bereko beste langileak, eta esan zien: «Adiskideok, badakizue irabazpide honi esker bizi garela hain ongi.

26. Eta ikusi eta entzungo zenuten, Paulo horrek, Efeson ez ezik, ia Asia probintzia osoan ere jendea franko pentsaeraz aldarazi duela, guk eskuz egiten ditugunak ez direla jainko sinestaraziz.

27. Gure lanbidearen izen ona galtzeko arriskuan gaude; areago, Artemisa gure jainkosa handiaren tenplua ere ezerezkotzat har dezaten arriskuan eta Asia probintzia osoak eta mundu guztiak gurtzen duen jainkosaren ospe handia erabat galtzeko arriskuan».

28. Hitz hauek entzun orduko, guztiak amorru bizian oihuka hasi ziren: «Gora Efesoko Artemisa!»

29. Hiri osora zabaldu zen nahasmendua, eta jende guztiak antzokirantz jo zuen zalapartan, Gaio eta Aristarko mazedoniarrak, Pauloren bidelagunak, berekin arrastaka eramanez.

Eginak 19