Eginak 12:11-19 Elizen Arteko Biblia (EAB)

11. Gertatuaz jabeturik, Pedrok esan zuen: «Orain bai dakidala Jaunak bere aingerua bidali duela, ni Herodesen eskuetatik eta judu-herriak niretzat zituen asmoetatik askatzera».

12. Bere egoeraz oharturik, Markos izeneko Joanen ama Mariaren etxera joan zen; lagun asko zegoen han bildua otoitzean.

13. Jo zuen kanpoko atea, eta Arrosa izeneko neskatxa atera zen nor ote zen ikustera;

14. Pedroren ahotsa ezagutzean, pozaren pozez, atea irekitzea ahaztuta, barrura joan zen lasterka, Pedro atean zegoela iragartzera.

15. «Burutik zaude zu!», esan zioten. Baina hark baietz, egia zela. Orduan, esan zuten: «Haren aingerua izango da».

16. Bitartean, Pedrok ate-joka ziharduen. Ireki eta ikusi zutenean, zur eta lur gelditu ziren.

17. Hark isiltzeko keinu egin zien eskuaz, eta Jaunak kartzelatik nola atera zuen kontatu zien. Azkenean, esan zien: «Jakinarazi hau Santiagori eta beste senideei». Ondoren, atera eta beste toki batera joan zen.

18. Eguna zabaltzean, ez zen iskanbila makala sortu gudarien artean, non ote zen Pedro.

19. Herodesek bilatzeko agindu zuen, baina ezin izan zuen aurkitu. Orduan, guardiak juzgatu eta hilarazi egin zituen. Ondoren, Judeatik Zesareara jaitsi eta bertan gelditu zen Herodes aldi batean.

Eginak 12