2 Samuel 24:6-12 Elizen Arteko Biblia (EAB)

6. Gero, Galaadera eta hititen lurraldera, Kadexera, joan ziren; baita Dan-Jaanera eta Sidongo inguruetara ere.

7. Tiroko hiri gotorrera ere iritsi ziren; baita hibiarren eta kanaandarren hiri guztietara ere. Azkenik, Judako Negev-erantz abiatu ziren, Beer-Xebara.

8. Horrela zeharkatu zuten lurralde osoa eta, bederatzi hilabete eta hogei egunen buruan, Jerusalemera heldu ziren.

9. Herritarrak zenbat ziren adierazi zion Joabek erregeari: Israelen zortziehun mila ziren ezpata erabil zezaketen gerra-gizonak, eta Judan bostehun mila.

10. Herritarren zenbaketa egin ondoren, bihotzeko harra sentitu zuen Davidek eta esan zion Jaunari:—Bekatu astuna egin dut, bai. Hala ere, Jauna, barkatu zeure zerbitzari honen bekatua, erokeria egin baitut.

11. Biharamun goizean David jaiki zenerako, zuzendua zion Jaunak bere hitza Gad-i, Daviden zerbitzura zegoen profetari, esanez:

12. «Zoaz Davidengana eta esaiozu: “Hau dio Jaunak: Hiru zigor ipiniko dizkizut aukeran; hautatu bat eta huraxe ezarriko dizut”».

2 Samuel 24