2 Samuel 18:9-16 Elizen Arteko Biblia (EAB)

9. Absalom, mando gainean zihoala, Daviden gudariekin aurrez aurre gertatu zen ustekabean. Mandoa arte-arbola handi baten azpian sartzean, arte-adarretan katigatu zitzaion Absalomi ilea; zeru-lurren artean zintzilikaturik gelditu zen, mandoak aurrera egin zuelako.

10. Hori ikusi zuen gizon batek adierazi zion Joabi:—Absalom arteondo batetik zintzilik ikusi dut.

11. Joabek esan zion berria ekarri zion gizonari:—Ikusi eta zergatik ez duk, bada, bertan lurrari josi? Zilarrezko hamar txanpon eta gerriko bat emango nizkian.

12. Gizonak ihardetsi zion Joabi:—Eskuetan zilarrezko mila txanpon ipiniko bazenizkit ere, ez nioke eskurik erantsiko erregearen semeari. Aditu nuen nola esaten zizuen erregeak zuri, Abixairi eta Itairi: «Zaindu Absalom gaztea!»

13. Haren aurka halako maltzurkeria egin izan banu, erregeak jakingo zukeen, eta orduan zu ere ez zinatekeen nitaz arduratuko.

14. Joabek esan zuen:—Ez diat astirik galduko hirekin.Hartu zituen bere eskuetan hiru gezi eta bihotzean sartu zizkion Absalomi, oraino bizirik zegoelarik artearen adarretan;

15. ondoren, Joaben ezkutari ziren hamar gaztek Absalom inguratu, jo eta hil egin zuten.

16. Orduan, Joabek adarra jo zuen eta israeldarrei pertsegitzeari utzi zion jendeak, Joabek geldiarazi egin baitzuen gudarostea.

2 Samuel 18