2 Kronikak 4:4-10 Elizen Arteko Biblia (EAB)

4. Hamabi zezenen gainean zegoen uraska; hiru zezen iparraldera begira zeuden, beste hiru mendebaldera, beste hiru hegoaldera eta beste hiru ekialdera; atzeak barnealdera zituzten.

5. Uraskaren lodiera esku-arra betekoa zen. Ezpainak lili-kaliza bezalakoak ziren. Ehun eta hogei mila litro hartzen zuen uraskak.

6. Hamar ur-ontzi eginarazi zituen eta uraskaren ezker-eskuin ezarri, bost alde batean eta bost bestean; haietan garbitu ohi zuten erre-oparietarako guztia. Brontzezko uraska handia, berriz, apaizen garbikuntzetarako izaten zen.

7. Urrezko hamar argimutil ere egin zituen, agindutako ereduaren arabera, tenpluko sala handian ezartzeko, bost eskuinaldean eta beste bostak ezkerraldean.

8. Hamar mahai egin zituen eta sala handian ipini, bost eskuinaldean eta bost ezkerraldean. Urrezko ehun isipu-ontzi ere egin zituen.

9. Apaizen ataria eta beste atari handiagoa egin zituen, bere ate eta guzti; ateak brontzez jantzi zituen.

10. Brontzezko uraska handia tenpluaren eskuinaldean hego-ekialdera ezarri zuen.

2 Kronikak 4