19. Alabaina, ez didazu zuk eraikiko etxea, zure erraietatik sortutako semeak baizik”.
20. Horra bada, bete du Jaunak emaniko hitza. Ni egin naiz errege gure aita Daviden ondoren, eta Israelgo errege-aulkian eseri naiz, Jaunak esan bezala. Nik eraiki diot etxea Jaunari, Israelen Jainkoari,
21. eta han toki berezia egin diot bertan ezartzeko: gure gurasoak Egiptotik atera zituenean Jaunak beraiekin eginiko itunaren agiria daukan kutxa».
22. Salomonek, Jaunaren aldare aurrean zutik, israeldarren biltzar osoaren aitzinean, eskuak zerurantz zabalik,
23. otoitza egin zuen: «Jauna, Israelen Jainkoa, ez da zu bezalako beste jainkorik, ez goian zeruan, ez behean lurrean. Betetzen duzu ituna eta onbera zara zure aurrean bihotzez zintzo dabiltzan zeure mirabeentzat.