1 Erregeak 15:3-19 Elizen Arteko Biblia (EAB)

3. Aitak eginiko bekatu guztiak egin zituen Abiamek ere; honen bihotza ez zen oso-osorik izan Jaunarentzat, bere Jainkoarentzat, haren arbaso Daviden bihotza izana zen bezala.

4. Hala ere, Davidengatik bederen, Jaunak, haren Jainkoak, ez zuen errege-etxearen argia itzaltzen utzi Jerusalemen; seme bat eman zion, beraren ondoren errege izan zedin eta Jerusalemen iraun zezan.

5. Izan ere, zuzen jokatua zen David Jaunaren begietan, bere bizitzako egun orotan Jaunaren aginduetatik aldendu gabe, Urias hititaren arazo hartan izan ezik.

6. (Roboam eta Jeroboam erregeek beren artean etengabeko borroka egin zuten, bizi izan ziren artean).

7. Abiamen gainerako jarduerak eta egintza guztiak «Judako Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak. Abiamen eta Jeroboamen artean ere izan zen borroka.

8. Hil zenean, Daviden Hirian ehortzi zuten Abiam. Ondorengo erregea haren seme Asa izan zen.

9. Israelgo errege Jeroboamen erregealdiko hogeigarren urtean hasi zen Asa Judako errege izaten.

10. Berrogeita bat urtez izan zen errege Jerusalemen. Amak Maaka zuen izena eta Absalomen alaba zen.

11. Jaunari atsegin zaiona egin zuen Asak, bere arbaso Davidek bezala.

12. Bota egin zituen lurralde hartatik prostituzio sakraturako gizon eta emakumeak eta kendu bere aurrekoek eginiko idolo guztiak.

13. Bere ama Maakari berari ere ama-erreginari zegokion duintasuna kendu zion, Axera jainkosaren omenez irudi higuingarria egina zuelako. Asak irudi higuingarri hura hautsi eta Zedron errekan erre zuen.

14. Baina kultu-leku haiek ez ziren zeharo desagertu; hala ere, Asak zintzo jokatu zuen Jaunaren aitzinean bere bizitza osoan.

15. Jaunaren etxera eraman zituen bere aitak eta berak eginiko eskaintzak: zilarra, urrea eta ontziak.

16. Asaren eta Israelgo Baxaren artean etengabeko borroka izan zen.

17. Israelgo errege Baxak, Juda borrokatzera etorri zelarik, Rama gotortu zuen, Judako errege Asaren joan-etorriak eragozteko.

18. Orduan, Asak, Jaunaren etxe eta bere jauregiko altxortegietan gelditzen zen zilar eta urre guztia hartu eta, bere zerbitzarien bidez, Siriako erregeari bidali zion. Ben-Hadad zen hura, Tabrimon-en semea eta Hezion-en biloba; Damaskon bizi zen. Honako mezu hau eman behar zioten:

19. «Egin dezagun ituna bion artean, zuen aitak eta gureak beren artean egin zuten bezala. Hona, zilarra eta urrea igortzen dizkizut esku-erakutsi. Hauts ezazu Israelgo errege Baxarekin egina duzun ituna; horrela, utzi egin beharko dio nire aurkako borrokari».

1 Erregeak 15