Zakarias 4:1-6a Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Itzuli zen niri adierazpenak ematen zizkidan aingerua eta esnatu egin ninduen, lotan dagoena esnatzen den bezala,

2. eta galdetu zidan:—Zer ikusten duzu?Nik erantzun:—Urre hutsezko argimutila ikusten dut, oliontzia gainean duela; zazpi kriseilu ditu eta zazpi hodi, olioa kriseiluetara eramateko.

3. Eta argimutilaren ondoan, bi olibondo ezker-eskuin.

4. Orduan, aingeruari galdetu nion:—Zer adierazten dute, jauna?

5. Adierazpenak ematen zizkidan aingeruak erantzun zidan:—Baina, ez ote dakizu zer adierazten duten?Eta nik:—Ez, jauna.

6a. Orduan, hark azaldu egin zidan:

10b. —Zazpi kriseilu horiek, lurbira osoa arakatzen duten Jaunaren begiak adierazten dituzte.

11. Orduan, nik galdetu nion:—Eta zer adierazten dute argimutilaren ezker-eskuin dauden bi olibondo horiek?

12. Eta berriro ekin nion:—Zer adierazten dute olioa daramaten urrezko bi hodien ondoan dauden bi olibondo-adarrok?

13. Hark esan zidan:—Baina, ez al dakizu benetan?—Ez, jauna —erantzun nion.

14. Hark, orduan:—Mundu osoaren Jabea zerbitzatzeko olioz sagaratuak izan diren bi gizonak dituzu horiek.

10a. Hasiera apala arbuiatzen zuena ere poztu egingo da, tenplua burutuko duen harria Zorobabelen eskuetan ikustean.

Zakarias 4