Markos 14:12-21 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

12. Legamia gabeko Ogien Jaiko lehen eguna zen, Pazko-bildotsa hiltzen zeneko eguna. Ikasleek esan zioten Jesusi:—Non egin behar ditugu Pazko-afarirako prestaketak?

13. Hark ikasleetako bi bidali zituen, esanez:—Zoazte hirira, eta ur-suila daraman gizon batekin egingo duzue topo. Jarraitu berari,

14. eta sartuko den etxeko nagusiari esan: «Maisuak galdetzen du non duen ikasleekin Pazko-bildotsa jateko tokia».

15. Berak gela zabal bat erakutsiko dizue goian, jantzirik eta atondua; prestatu hantxe behar ditugunak.

16. Joan ziren ikasleak eta, hirira iristean, dena Jesusek esan bezala gertatu zitzaien, eta Pazko-afaria prestatu zuten.

17. Ilunabarrean, joan zen Jesus Hamabiekin

18. eta, mahaian afaltzen ari zirelarik, Jesusek esan zuen:—Benetan diotsuet: Zuetako batek saldu egingo nau, nirekin jaten ari den batek.

19. Haiek, goibeldurik, galdezka hasi zitzaizkion bata bestearen ondoren:—Nik ote?

20. Jesusek erantzun:—Hamabiotako batek, nirekin plater beretik jaten ari denak.

21. Gizonaren Semea badoa, bai, Liburu Santuek hartaz dioten bezala; baina dohakabea Gizonaren Semea salduko duena! Hobe zukeen jaio izan ez balitz!

Markos 14