16. Eta haurtxoak magalean hartu eta bedeinkatu egiten zituen, eskuak ezarriz.
17. Bidean abiatzera zihoala, gizon bat etorri zitzaion lasterka eta, aurrean belaunikaturik, galdetu zion:—Maisu ona, zer egin behar dut betiko bizia ondaretzat jasotzeko?
18. Jesusek erantzun zion:—Zergatik esaten didazu ona? Inor ez da ona Jainkoa besterik.
19. Badakizkizu aginduak: Ez hil inor, ez egin adulteriorik, ez ostu, ez egin gezurrezko testigantzarik, ez egin kalterik, ohoratu aita-amak.
20. Hark, orduan:—Maisu, gazte-gaztetandik bete izan dut hori guztia.
21. Jesus maitasunez begira jarri zitzaion eta esan zion:—Gauza bat falta zaizu bakarrik: zoaz, saldu daukazun guztia eta eman behartsuei, zeure aberastasuna zeruan izan dezazun; gero, zatoz eta jarraitu niri.
22. Hitz hauek entzutean, ilun jarri zen gizona eta atsekabez joan, ondasun handien jabe baitzen.
23. Inguruan begiratuz, Jesusek esan zien bere ikasleei:—Bai nekez sartuko direla aberatsak Jainkoaren erreinuan!
24. Harriturik utzi zituen ikasleak esaldi honek. Baina Jesusek, berriro ere:—Ene semeok, zaila da benetan Jainkoaren erreinuan sartzea.