25. Une berean, elbarria, haien aurrean altxaturik, etzana zegoeneko ohatila hartu eta etxera joan zen Jainkoa goretsiz.
26. Harriturik gelditu ziren denak eta Jainkoa goresten zuten. Beldurraren beldurrez honela zioten: «Gauza apartak ikusi ditugu gaur».
27. Ondoren, atera zen Jesus handik eta Lebi izeneko zergalari bat ikusi zuen, zerga biltzeko mahaian eseria, eta esan zion:—Jarraitu niri.
28. Lebik, dena utzirik, zutitu eta jarraitu egin zion.
29. Lebik bazkari ederra eman zion Jesusi bere etxean; Jesusekin eta honen ikasleekin batera jende asko zegoen mahaian, zergalari eta beste.
30. Fariseu eta beraien lege-maisuak marmarrean ari zitzaizkien ikasleei, esanez:—Nolatan jaten eta edaten duzue zergalari eta bekatariekin?
31. Jesusek erantzun zien:—Ez dute osasundunek sendagilea behar, gaixoek baizik;
32. ez naiz zintzoei dei egitera etorri, bekatariei baizik, bihozberri daitezen.
33. Orduan, fariseuek eta lege-maisuek esan zioten Jesusi:—Joanen ikasleek sarri egiten dute barau eta otoitz, gauza bera gure ikasleek ere; zureak, ordea, jan eta edan ari dira.
34. Jesusek erantzun zien:—Nola nahi duzue ezteietara deituek barau egitea, senar berria berekin dutelarik?
35. Etorriko zaie, bai, senar berria kenduko dieten eguna; orduan, egun hartan, egingo dute barau.