Josue 14:1-5 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Hona hemen Kanaan lurraldean israeldarrek hartu zuten ondarea. Eleazar apaiza, Nunen seme Josue eta Israelgo leinuetako senitarteburuak arduratu ziren ondare-banaketaz.

2. Jaunak Moisesen bidez agindu bezala, zotz eginez izendatu zitzaien lurraldea bederatzi leinuri eta Manasesen leinu erdiari.

3-4. Beste bi leinuei eta Manasesen leinu erdiari Moisesek emana zien jadanik ondarea Jordan ibaiaz ekialdera. Joseren ondorengoak bi leinutan banatzen ziren: Manases eta Efraim. Moisesek Lebiren leinukoei ez zien lurralde-zatirik eman, gainerako leinuei bezala, zenbait hiri baizik, inguruetako lurrekin batera: hiriak beraiek bizitzeko, eta herri-lurrak artalde eta aziendentzat.

5. Jaunak Moisesi agindu bezala banatu zuten israeldarrek lurralde hura.

Josue 14