Jeremias 48:34-38 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

34. Hexbongo deiadarrak Elale eta Jahatzeraino iristen dira; garrasiak entzuten Tzoartik Horonaimeraino, Eglat-Xelixiaraino, Nimrimgo urak ere agortu egin baitira.

35. Jaunak dio: «Galdu egingo ditut Moaben, muinoetako kultu-lekuetan beren jainkoei intsentsua erretzen dieten guztiak».

36. Horregatik, txirularen antzera dardaraz daukat bihotza Moabengatik, txirularen antzera dardaraz Kir-Heresko jendearengatik, galdu baitituzte bilduriko ondasun guztiak.

37. Burua soil eta bizarra motz dute guztiek, besoak urratuak eta dolu-jantzia soinean.

38. Moabeko etxe gain eta plazetan jende guztiak dolu. Izan ere, Jaunak dio: «Ezertarako ez den ontzia bezala apurtu dut Moab».

Jeremias 48