2. Izan ere, Pertsepolis izeneko hirian sarturik, hango jauretxean lapurreta egin eta hiria menderatu nahi izan zuen; baina jendeak, horren aurrean asaldaturik, armak hartu zituen eta, herrialde hartako jendea nagusitu zitzaiolarik, Antiokok alde egin behar izan zuen lotsaz betea.
3. Ekbatana hirian zegoelarik, Nikanorri eta Timoteoren gudarosteari gertatuaren berri jakin zuen Antiokok.
4. Amorruaren amorruz bere onetik aterata, ihes eragin ziotenek berari eginiko iraina juduei ordainaraztea pentsatu zuen. Horregatik, bidaia burutu arte gelditu gabe aurrera egiteko agindu zion gurdi-gidariari. Baina gainera zetorkion Jainkoaren epaia, harrokeriaz esana baitzuen: «Jerusalemera heltzean, juduen hilobi bihurtuko dut hiria».
5. Dena ikusten duen Jaunak, Israelen Jainkoak, gaitz sendaezin eta ikusezina eman zion. Hitz haiek esaten ari zela, kenezineko mina sumatu zuen erraietan eta izugarrizko oinazeak barruan.
6. Ongi merezia zuen hori, besteen erraiak zigor ugari eta ankerrez oinaztatu baitzituen berak.
7. Hala ere, ez zuen burua makurtu bere handiustean. Geroz eta harrotuago, juduenganako amorru-sua zeriola, lasterrago joateko agintzen zuen. Baina, gurdia abiada bizian zihoalarik, erori egin zen bertatik Antioko, eta, halako erorketa txarrean, gorputz-atal guztiak kolpatuak gelditu baitzitzaizkion.
8. Eta lehentxeago, gizona baino handiagoa zelakoan, itsas uhinei agindu eta mendi-gailurrak balantzan pisa zitzakeela uste zuena, lurrera erori ondoren, esku-ohatilan zeramaten orain. Horrela, argi ikusi ahal izan zuten denek Jainkoaren ahalmena.
9. Zital hari gorputzetik harrak ateratzen zitzaizkion mordoka eta, oraindik bizirik zegoela, pusketaka erortzen zitzaion haragia, ikaragarrizko minez. Eta halako kiratsa zerion, ezen gudaroste osoari nazka ematen baitzion ustelkeria hark.
10. Eta pittin bat lehentxeago zeruko izarrak ukituko zituela uste zuena, ezin zuen orain inork eraman, zerion kirats nardagarri jasanezinagatik.
11. Orduan, gaitzak joa, bere handiustea galtzen hasi zen eta, etengabeko minaren minez, Jainkoaren zigorpean nolako egoeratan zegoen jabetzen.
12. Berak ere ezin baitzuen bere buruari zerion kiratsa jasan, esan zuen: «Bidezko da Jainkoaren menpe egotea. Hilkor denak ezin du uste izan Jainkoa adinakoa denik».
13. Madarikatu hura otoizka hasi zitzaion Jaunari; baina Jauna ez zitzaion errukitu.