2 Makabearrak 8:26-36 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

26. Izan ere, larunbat-bezpera zen; horregatik ez zuten jarraitu haien atzetik.

27. Etsaien armak eta gainerako harrapakinak bildu zituztenean, larunbat-jaia egiten hasi ziren, Jauna handikiro goretsiz eta goraipatuz, bizirik eutsi zielako eta, egun hartan ere, bere errukiaren lehen tantak, ihintza bezala, isuri zizkielako.

28. Larunbat-biharamunean, harrapakinetarik zati bat pertsekuzioa jasan zutenen artean banatu zuten, beste zati bat alargun eta umezurtzen artean; gainerakoa beren eta beren seme-alaben artean.

29. Gero, otoitz egin zuten elkarrekin, Jaun errukitsuari bere zerbitzariekin erabat adiskidetzeko eskatuz.

30. Timoteo eta Bakidesen aldekoei ere eraso egin zieten juduek, eta hogei mila etsai baino gehiago hil zuten. Eta gailurretako gotorleku askoren jabe egin ondoren, harrapakin ugari hartu eta bi multzo berdinetan banatu zuten: bata berentzat hartu zuten eta bestea pertsegituen artean banatu, baita alargun eta umezurtzen eta zaharren artean ere.

31. Etsaien armak arreta handiz bildurik, toki egokietan ezarri zituzten; gainerako harrapakinak, berriz, Jerusalemera eraman.

32. Timoteoren gudalburuetako bat, juduei kalte handia egina zen gizon zitala, hil egin zuten.

33. Garaipena ospatzeko aberrian egiten ari ziren jaietan, tenpluko ate santuei su eman zietenak erre egin zituzten, baita etxe koskor batean ezkutatua zegoen Kalistenes ere. Horrela hartu zuten beren gaiztakeriagatik merezitako ordaina.

34. Nikanor gaizkile izugarri hark mila merkatari ekarriak zituen, juduak esklabo saltzeko.

35. Jainkoaren laguntzaz, berak gutxietsitakoek makurrarazi zioten burua Nikanorri. Bere soineko bikainak erantzirik, ihesi doan esklaboaren antzera ibili zen landan zehar. Hala ere, heldu zen Antiokiara, bakarrik, baina hondatua zegoen gudarostearena baino zorte hobeaz.

36. Erromatarrei zor zieten zerga ordaintzeko, Jerusalemen harrapaturiko presoak salduko zituela esan zuena, juduek defendatzaile berezia zutela esaten ari zen orain, eta menderagaitzak zirela; defendatzaile, hain zuzen ere, beraren legeak betetzen zituztelako.

2 Makabearrak 8