2 Makabearrak 7:4-22 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

4. Ontziak sutan jarri zituztelarik, denen izenean mintzatu zenari, anaien eta amaren aurrean, mihia moztu, burua larrutu eta esku-oinak mozteko agindu zuen.

5. Mutila ezertarako gauza ez zela gelditu zenean, artean bizirik, sutara hurbildu eta zartaginera botatzeko agindu zuen erregeak. Zartaginetik lurruna ugari zabaltzen zen bitartean, ama-semeek elkarri adore ematen zioten kementsu hiltzeko. Hau zioten:

6. «Begira dugu Jainko Jauna eta zinez errukitzen zaigu, Moisesek bere kantuan argi aitortu zuen bezala: “Errukituko zaie bere zerbitzariei”».

7. Lehenengoa horrela hil zenean, bigarrena eraman zuten zigorkatzera. Buruko larrua ile eta guzti kendu ondoren, galdetu zioten: «Jango al duk okela hau, hire gorputza atalez atal torturatu baino lehen?»

8. Hark, bere arbasoen hizkuntzan, erantzun zien: «Ez!»Orduan, hura ere lehenengoa bezala torturatu zuten.

9. Azken arnasa ematerakoan, esan zuen: «Zuk, gaizkile maltzur horrek, oraingo bizia kentzen diguzu; baina munduaren Erregeak betiko bizirako piztuko gaitu, beraren legeengatik hiltzen garenok».

10. Honen ondoren, irainka eta iseka hasi ziren hirugarrenarekin. Mihia ateratzeko agindu ziotenean, berehala atera eta besoak ere luzatu egin zituen ausarki.

11. Eta esan zien gizonki: «Jainkoak eman zizkidan gorputz-atal hauek beraren legeengatik gutxiesten ditut. Eta badakit, berarengandik hartuko ditudala berriro».

12. Erregea eta beronekin zeudenak harrituak gelditu ziren gazte haren ausardiaz, huskeriatzat baitzituen oinaze-minak.

13. Hirugarrena hil zenean, oinaze berberaz torturatu zuten laugarrena.

14. Hiltzear zegoela, esan zuen: «Merezi du giza eskuz hiltzeak, Jainkoak berpizteko itxaropena ematen digunean. Zuk, ordea, ez duzu bizirako berpizterik izango».

15. Ondoren, bosgarrena ekarri eta torturatu zuten.

16. Erregeari so eginez, esan zion: «Zuk, hilkorra izan arren, nahi duzuna egin ohi duzu, gizon-emakumeen gain aginpidea duzulako. Baina ez uste izan Jainkoak gure herria eskutik utzi duenik.

17. Itxaron eta ikusiko duzu beraren indar handia. Berak torturatuko zaituzte zu eta zure ondorengoak».

18. Gero, seigarrena ekarri zuten. Hiltzear zegoela, hau zioen: «Ez engainatu zoro-zoro zeure burua. Gu geure erruz ari gara hau guztia jasaten, geure Jainkoaren kontra bekatu egin dugulako. Horregatik gertatu zaizkigu gauza harrigarri hauek.

19. Baina ez uste izan zu ere zigorrik gabe geldituko zarenik, Jainkoari gerra egiteko ausardia izan duzu eta».

20. Zinez miresgarria eta gogoangarria, ama izan zen. Egun berean zazpi semeak hiltzen ikusi eta bihotz handiz jasan zuen dena, bere itxaropena Jaunarengan jarria zuelako.

21. Seme bakoitzari indarra ematen zion bere hizkuntzan. Sentipen bikainez betea eta gizonezkoarena bezalako indarrez, emakume hark ziotsen:

22. «Nik ez dakit nola agertu zineten nire erraietan; ez nizuen nik arnasa eman, ez bizia ere, eta zuetako bakoitzaren gorputza ez nuen nik eratu.

2 Makabearrak 7