39. Menelaoren oniritziz, lapurreta sakrilego asko egin zuen Lisimakok Jerusalemen. Albiste hau zabaldu zenean, asaldatu egin zen herria Lisimakoren kontra. Ordurako, sakabanatua zen urrezko gauza asko.
40. Jende guztia haserrez gainezka asaldatu zelarik, hiru mila gizon armatu zituen Lisimakok eta jendearen kontrako erasoa hasi, zaharra bezain eroa zen Aurano izeneko baten buruzagitzapean.
41. Lisimako erasotzen ari zela ohartzean, batzuek harriak eta beste batzuek makilak hartu zituzten; beste batzuek, berriz, han zegoen errautsa esku beteka; eta denek zalapartaka Lisimakoren jendearen kontra jo zuten.
42. Haietako asko zauritu eta beste batzuk hil ere egin zituzten; gainerakoei ihes eragin zieten. Profanatzailea bera ere hil egin zuten tenpluko altxortegi ondoan.
43. Gertakari hauengatik auzitara eraman zuten Menelao.
44. Antioko erregea Tirora heltzean, Jerusalemgo arduradunen biltzarrak bidalitako hiru gizonek zuzenbide egiteko eskatu zioten.
45. Bere burua galdua ikustean, dirutza handia agindu zion Menelaok Ptolomeori, Dorimenoren semeari, baldin eta erregea haren alde jartzea lortzen bazuen.
46. Ptolomeok, haizea hartzeko aitzakiaz, atarira eraman zuen erregea eta iritziz aldarazi.
47. Orduan, salakuntza guztietatik libre bidali zuen erregeak Menelao, kalte guztien egilea. Eta hiru dohakabe haiek, aldiz, hiltzera kondenatu zituen, basatiak bezain epaile gogorren aurrean ere libre aterako ziren arren.
48. Horrela, hiria, herria eta gauza sakratuak defendatu zituzten haiek hil egin zituzten berehala.
49. Tiroko batzuek, gaiztakeria harengatik haserreturik, eskuzabal eman zuten laguntza hiletak antolatzeko.
50. Menelaok, berriz, agintean iraun zuen, handikien diruzalekeriari esker. Geroz eta gaiztoago egin zen, bere herritarren etsairik handiena izateraino.