1. Lehen aipaturiko Simon, tenpluko altxortegia eta aberria salatu zituena, Oniasen kontra gezurretan ari zen, Oniasek Heliodoro gaizki erabili eta zoritxarra ekarri ziola esanez.
2. Eta hiriaren ongile, herriaren babesle eta lege-betetzaile sutsu zen Onias gobernuaren kontrako azpisugea zela esatera ere ausartu zen.
3. Hain handia izatera heldu zen gorrotoa, ezen Simonen taldeko batek hilketak ere egin baitzituen.
4. Etsaigo hura kaltegarria zela eta, bestalde, Menesteoren seme Apoloniok —Koele-Siria eta Feniziako gobernariak— Simon gaiztakeriara bultzatzen zuela ikusirik, Oniasek
5. erregeagana jo zuen. Ez zituen bere herritarrak salatu nahi, baizik eta herri osoaren eta herritar bakoitzaren ona bilatu.
6. Izan ere, ikusten zuen, erregeak erabaki ezik, ezin zela erreinuan bakea nagusitu, ez eta Simonen erokeriak geldiarazi.
7. Seleuko hil zenean, Antioko, izengoitiz Epifanes, hasi zen errege izaten. Oniasen anaia Jasonek beretzat lortu zuen azpikeriaz apaizgo nagusia,
8. elkarrizketa batean erregeari hamar mila kilo zilar aginduz eta, gainera, beste bi mila eta berrehun kilo beste errenta batzuetatik.
9. Beste lau mila kilo ordainduko zizkiola ere hitzeman zion, baldin eta bere kontura kiroldegia eta gazteentzako kirol-eskola eraikitzeko baimena ematen bazion eta Jerusalemgo bizilagunei antiokiar hiritartasuna ezartzen uzten bazion.
10. Erregearen oniritzia lortu eta aginteaz jabeturik, berehala behartu zituen Jasonek herritarrak greziarren biziera hartzera.
11. Aurreko urteetan emanak zizkieten seleukotar erregeek juduei zenbait eskubide onginahiz, Eupolemoren aita Joanen ahaleginei esker. Eupolemo hau zen erromatarrekin adiskidetasun- eta elkartasun-hitzarmena egitera bidali zuten mandataria. Jasonek, ordea, ezabatu egin zituen eskubide haiek eta, legezko erakundeak deseginik, Moisesen legearen kontrako ohiturak sartu nahi zituen.
12. Egin zuen, bada, kiroldegia atsegin handiz gotorlekuaren azpian, eta gazterik hoberenak greziarren erara heztera bultzatu zituen.
13. Greziar ohiturak eta arrotzen joerak oso indartsu sartu ziren, apaiz nagusi ez, baizik eta zital handia zen Jason higuingarri haren eraginez.
14. Apaizek berek ere ez zuten aldareko zerbitzuaren ardurarik, gutxietsi egiten zuten tenplua, eta sakrifizioak eskaintzeari utzi. Diskoa jaurtitzeko deia egin orduko, jolastokira bizkor joan eta Jainkoaren legeak debekatzen dituen jokoetan esku hartzen zuten.
15. Ez ziren arduratzen beren aberriaren ohoreaz, eta greziarren arteko ospeak gogo bizienaz estimatzen zituzten.
16. Horrexegatik, egoera penagarrian gertatu ziren: greziarren jokabideak eta biziera hartu nahi zituzten, eta eredu eta imitagarritzat hartu nahi zituzten greziarrak berak bihurtu zitzaizkien etsai eta borrero.