1. Onias apaiz nagusiaren jainkozaletasun eta zuzentasunari esker, Hiri Santuan bake-bakean bizi ziren eta legeak erabat betetzen zituzten.
2. Aldi hartan, erregeek ere ohoratu egiten zuten toki santua eta esku-erakutsi bikainak bidali ohi zituzten.
3. Asiako errege Seleukok berak ere opariak eskaintzeko gastuak bere irabazietatik ordaindu ohi zituen.
4. Baina Bilgaren senitartekoa zen eta tenpluko zerbitzari egin zuten Simon izeneko batek eztabaidak izan zituen apaiz nagusiarekin, hiriko merkatuaren administrazioari buruz.
5. Apaiz nagusia makurrarazi ezin zuela ikusirik, aldi hartan Koele-Siria eta Feniziako gobernaria zen Tarsoko Apoloniogana jo zuen Simonek;
6. eta esan zion, Jerusalemgo altxortegia ezin konta ahalako aberastasunez betea zegoela, oparietako gastuetarako behar zena baino gehiago, eta erregea egin zitekeela berorien jabe.
7. Apoloniok, berriz, erregearekin izan zuen hizketaldi batean, aberastasun haiei buruz esan ziotena jakinarazi zion. Orduan, erregeak Heliodoro zerbitzari nagusia deitu eta Jerusalemera bidali zuen, aipaturiko aberastasun haiek bahitzeko agindurik.
8. Berehala abiatu zen Heliodoro, Koele-Siria eta Feniziako hiriak ikustera zihoaneko aitzakiaz, baina, egiaz, erregearen aginduak bete nahirik.
9. Jerusalemera heltzean, ongietorria egin zioten bai apaiz nagusiak, bai hiritarrek. Heliodorok aditzera eman zuen altxortegiaz jakinarazi ziotena eta zein zen bera han izatearen zergatia. Eta gauzak horrela ziren galdetu zuen gero.
10. Apaiz nagusiak, orduan, altxortegiko dirutza alargunei eta umezurtzei zegokiena zela adierazi zion,
11. eta zati bat Tobiasen seme Hirkanorena, goi-mailako pertsonaia batena, zela; guztira hamaika mila kilo zilar eta bost mila eta bostehun kilo urre zegoela altxortegian, eta ez Simon zital hark gezurretan esan zuena.
12. Azkenik, esan zion ezin zitzaiela inolako kalterik egin beren konfiantza toki haren santutasunean eta mundu osoan ohoratua den tenpluaren handitasun ukiezinean jarri zutenei.
13. Heliodorok, ordea, erregearen aginduak zirela eta, aberastasun haiek erregearen altxortegirako bahitu beharrekoak zirela zioen gogor.
14. Esaniko egunean, Heliodorok tenpluan sartu nahi zuen hango aberastasunen ikerketa egitera. Nahigabe handia hedatu zen hiri osoan.
15. Apaizek, beren jantzi bereziak soinean zituztela, aldare aitzinean ahuspeztu eta dei zegioten Jainkoari, beronek emanak baitziren diruzaintzari buruzko legeak. Eta dirutza hura tenpluan gorde zutenentzat osorik zaintzeko eskatzen zioten.
16. Apaiz nagusiaren itxura ikusteak erdibitu egiten zuen bihotza, haren aurpegiak eta kolore zurbilak beraren barruko nahigabea agertzen baitzuten.
17. Erabat izutua zegoen eta gorputza dar-dar, bihotzean nolako atsekabea zuen begira zeudenek igartzeko eran.
18. Jendea multzoka ateratzen zen etxeetatik, toki santuari gainera zetorkion irainaldia urrun zedin elkarrekin otoitz egitera.