2 Makabearrak 2:5-17 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

5. Eta, hara heldurik, leize-zulo bat aurkitu eta bertara sartu zituen Jeremiasek oihal-etxola, kutxa eta usainki gozoen aldarea, eta leize-ahoa itxi.

6. Gerora, Jeremiasi lagun eginez joandako batzuk bertara itzuli ziren, bidea markatzeko asmoz, baina ezin izan zuten tokia aurkitu.

7. Hori jakitean, Jeremiasek haserre egin zien, esanez: “Ez du inork jakingo toki hori non den, harik eta Jainkoak, errukiturik, bere herria bil dezan arte.

8. Orduan agerraraziko ditu Jaunak gauza hauek berriro, eta Jaunaren aintza lainoan agertuko da, Moisesen garaian bezala, eta toki santu hau handikiro sagaratzeko Salomonek otoitz egin zuen hartan bezala”.

9. Idazki hartan esaten zenez, Salomonek, gizon jakintsu hark, oparia eskaini zuen santutegia bukatu eta sagaratzean.

10. Eta Moisesek Jaunari otoitz egitean, suak zerutik jaitsi eta oparigaiak erre zituen bezala, Salomonek otoitz egin zuenean ere suak jaitsi eta oparigaiak erre zituen.

11. Esana zuen Moisesek: “Bekatuaren barkamenerako eskainia erre bada, jan ez dugulako da”.

12. Salomonek, orobat, zortzi eguneko jaia egin zuen.

13. «Nehemiasen idazki eta oroitzapen-liburuetan ere kontatzen dira gertakari hauek; baita Nehemiasek liburutegia nola eratu zuen ere: erregeei, profetei eta Davidi buruzko liburuak eta eskaintzei buruz erregeek idatzitako gutunak bilduz, hain zuzen ere.

14. Era berean, Judas Makabearrak ere bildu zituen, egin izan dizkiguten gerrak direla eta, sakabanatuak zeuden liburuak. Eta orain eskura ditugu.

15. Horietakoren bat behar baduzue, bidali norbait bila.

16. «Garbikuntza Jaia ospatzear gaudelarik idazten dizuegu. Ederra izango litzateke zuek ere jai hau ospatzea.

17. Izan ere, herri osoa Jainkoak salbatu du, denoi eman digu lurraldea ondaretzat, baita erreinua, apaiz izatea eta santu izatea ere,

2 Makabearrak 2