2 Makabearrak 2:1-9 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. «Idazkietan datorrenez eta esan dugun bezala, sua hartzeko agindu zien erbesteratuei Jeremias profetak.

2. Gainera, lege-liburua eman zien erbesteratuei eta Jaunaren aginduak ez ahazteko eskatu eta beren pentsaera ez okertzeko, erbestean urrezko eta zilarrezko irudiak eta beraiek inguratzen zituzten apaindurak ikustean.

3. Halako zenbait aholkuren artean, legea beren bihotzetik urrutiratzen ez uzteko esaten zien.

4. Idazki berorretan esaten zenez, profeta, goi-agerpenaren eraginez, lagun batzuei oihal-etxola eta kutxa eramateko agindu eta mendira joan zen. Mendi haren gainetik, Jainkoak Israeli ondaretzat emaniko lurraldeari begira egona zen Moises.

5. Eta, hara heldurik, leize-zulo bat aurkitu eta bertara sartu zituen Jeremiasek oihal-etxola, kutxa eta usainki gozoen aldarea, eta leize-ahoa itxi.

6. Gerora, Jeremiasi lagun eginez joandako batzuk bertara itzuli ziren, bidea markatzeko asmoz, baina ezin izan zuten tokia aurkitu.

7. Hori jakitean, Jeremiasek haserre egin zien, esanez: “Ez du inork jakingo toki hori non den, harik eta Jainkoak, errukiturik, bere herria bil dezan arte.

8. Orduan agerraraziko ditu Jaunak gauza hauek berriro, eta Jaunaren aintza lainoan agertuko da, Moisesen garaian bezala, eta toki santu hau handikiro sagaratzeko Salomonek otoitz egin zuen hartan bezala”.

9. Idazki hartan esaten zenez, Salomonek, gizon jakintsu hark, oparia eskaini zuen santutegia bukatu eta sagaratzean.

19-23. «Zireneko Jasonek idatzitako bost liburuetan daude jasoak gertakari hauek: Judas Makabearraren eta anaien historia, tenplu handiaren garbikuntza eta aldarearen sagaratzea, Antioko Epifanes eta beronen seme Eupatorren kontrako guduak, judaismoaren alde ausarki borrokatu ziren gizon adoretsuen alde izandako zerutiko agerpenak. Gizon hauek, hain gutxi izanik ere, lurralde osoa hondatu eta atzerritar-talde handiei ihes eragin zieten, mundu osoan ospetsua den tenplua berreskuratu zuten, Jerusalem askatu eta baztertzeko zorian zeuden legeak berrezarri zituzten. Izan ere, Jauna, erruki handiz, beraien alde egon zen. Jasonek bost liburutan jaso zuen hau guztia liburu bakarrean laburbiltzen ahaleginduko gara.

2 Makabearrak 2