2 Makabearrak 15:22-37 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

22. Hona Judasen otoitza: «Jauna, Judako errege Ezekiasen garaian zeure aingerua bidali zenuen eta berak Senakeriben gudarosteko ehun eta laurogeita bost mila gizon hilarazi zituen.

23. Orain ere, zeruetako Jaun horrek, bidal ezazu aingeru ona, gure aurretik joan eta etsaiak beldur-ikaraz bete ditzan.

24. Jo ditzala zure beso indartsuak zure herri santuaren kontra biraoa dariola etorri direnak!» Horrela bukatu zuen otoitza.

25. Nikanorren gizonek, turuta-hots eta guda-kantu artean, aurrera egiten zuten bitartean,

26. Judasen gizonek, Jaunari dei eta otoitz eginez, borrokari ekin zioten.

27. Armak eskuan eta Jainkoari otoizka bihotzean, hogeita hamabost mila gizon gutxienez hil zituzten. Haien poza Jainkoaren agerpen hura ikustean!

28. Borroka bukatu eta bozkarioz beteak itzultzean, Nikanorren gorpua ezagutu zuten lurrean eroria bere guda-jantzi eta guzti.

29. Deiadar eta iskanbila artean, Jauna goretsi zuten beren arbasoen hizkuntzan.

30. Orduan, bere herritarren alde soin eta muin lehenengo lerroan borrokatu zen hark, gaztarotik bere aberkideentzat onginahia izan zuen hark, Nikanorri buru-besoak sorbalda eta guzti moztu eta Jerusalemera eramateko agindu zuen.

31. Hirira heltzean, bere herritarrei eta apaizei dei egin ondoren, aldare aurrean jarri zen Judas, eta gotorlekukoak ere etortzeko agindu zuen.

32. Orduan, Nikanor higuingarri haren burua eta Ahalguztidunaren etxe santuaren kontra biraolari hark harrokeriaz jaso zuen besoa erakutsi zizkien.

33. Ondoren, Nikanor zitalari mihia moztu zion eta, puskak eginik, txoriei emateko agindu; besoa, berriz, tenpluaren aurrean zintzilikatzeko agindu zuen, Nikanorren erokeriak izandako ordainaren ezaugarritzat.

34. Eta horrela agertu zitzaien Jauna goretsi zuten denek, zerura begira esanez: «Goretsia, bere toki santua profanatu gabe gorde duena!»

35. Gero, gotorlekuan zintzilik jarri zuen Nikanorren burua, Jaunak nola laguntzen duen denek argi eta garbi ikus zezaten.

36. Denek, aho batez, egun hura seinalatu gabe igarotzen ez uztea erabaki zuten, eta arameeraz Adar deritzan hamabigarren hilaren hamahiruan —Mardokeoren egunaren bezperan— ospatzea.

37. Hauek izan ziren Nikanorri buruzko gorabeherak. Handik aurrera Jerusalem hiria hebrearren esku gelditu zenez, nik hementxe bukatuko dut neure lana.

2 Makabearrak 15