13. Ondoren, beste gizon bat agertu zitzaion Judasi, ile-zuria, duintasun handikoa, tankera bikainekoa eta handitasunez inguratua.
14. Oniasek otoitz egin eta esan zuen: «Gizon hau Jeremias da, Jainkoaren profeta. Maite ditu bere senideak eta otoitz asko egiten du herriaren eta hiri santuaren alde».
15. Orduan, Jeremiasek, eskuineko eskua luzatu eta urrezko ezpata eman zion Judasi, hitz hauek esanez:
16. «Torizu ezpata santu hau; Jainkoaren dohaina duzu eta beronekin hondatuko dituzu etsaiak».
17. Ausardia pizteko eta gazteei adore bizia emateko hain eder ziren Judasen hitz haiek bizkorturik, kanpalekuan gelditu ordez, denak batera erasoari ausarki eta adorez ekitea pentsatu zuten juduek, arazoa erabakitzeko. Izan ere, arriskuan zeuden Jerusalem hiria, erlijioa eta tenplua.
18. Emazte eta seme-alaba, senide eta ahaideei buruz zuten kezka baino handiagoa eta lehenagokoa zen tenplu sakratuari buruz zutena.
19. Bitartean, hirian gelditu zirenen larritasuna ez zen txikiagoa, guda-zelaian borrokan ari zirenez kezkatuak baitzeuden.
20. Zain zeuden denak arazoa zertan bukatuko ote zen. Bitartean, bildu ziren etsaiak eta gudarostea guda-lerrotan jarri. Elefanteak toki egokietan ezarri zituzten eta zalditeria alboetan.
21. Han zeuden gudari-talde, arma-mota desberdin eta elefante haien itxura izugarria ikustean, Makabearrak dei egin zion egintza miresgarriak egiten dituen Jaunari, eskuak zerurantz jasorik. Ongi baitzekien garaipena ez duela armen indarrak ematen, baizik eta Jaunak erabakitzen duela merezi dutenei ematea.
22. Hona Judasen otoitza: «Jauna, Judako errege Ezekiasen garaian zeure aingerua bidali zenuen eta berak Senakeriben gudarosteko ehun eta laurogeita bost mila gizon hilarazi zituen.
23. Orain ere, zeruetako Jaun horrek, bidal ezazu aingeru ona, gure aurretik joan eta etsaiak beldur-ikaraz bete ditzan.
24. Jo ditzala zure beso indartsuak zure herri santuaren kontra biraoa dariola etorri direnak!» Horrela bukatu zuen otoitza.
25. Nikanorren gizonek, turuta-hots eta guda-kantu artean, aurrera egiten zuten bitartean,
26. Judasen gizonek, Jaunari dei eta otoitz eginez, borrokari ekin zioten.