13. Judas hil, beronen lagunak sakabanatu eta Jerusalemgo tenplu handiko apaiz nagusi Alkimo izendatzeko agindua emanik.
14. Judasengandik ihesi joanak ziren Judeako jentilak multzoka bildu zitzaizkion Nikanorri, juduen zoritxar eta hondamena beraien onerako izango zirelakoan.
15. Jakin zuten juduek Nikanor gudarostearekin hurbiltzen ari zela eta jentilak erasoka zetozela. Orduan, buru gainera hautsa bota eta otoitz egin zioten Jaunari, Israel herria betiko ezarri eta, agerpen miresgarriak eginez, beti zaintzen duenari.
16. Buruzagiak agindurik, atera eta Desau herrixka ondoan ekin zioten etsaien aurka borrokari.
17. Judasen anaia Simon ere borrokan ari zen Nikanorren kontra; baina etsaiak ustekabean etorri eta makurraldi txiki bat izan zuen Simonek.
18. Hala ere, Nikanorrek jakin zuen nolakoa zen Judasen gudarien ausardia eta nolako adorez borrokatzen ziren beren aberriaren alde, eta beldur izan zen arazo hura odola isuriz erabakitzeko.
19. Horregatik, Posidonio, Teodoto eta Matatias bidali zituen, juduekin bakeak egitera.
20. Proposamenak arretaz azterturik, buruzagia gudarostearekin mintzatu eta ontzat hartu zuten denek hitzarmena egitea.
21. Eta buruzagiek bakarrean elkar ikusteko eguna izendatu zuten. Egun horretan, gudaroste bakoitzak guda-gurdi bana aurrerarazi eta ohorezko jarlekuak ezarri zituzten.
22. Judasek ipiniak zituen gudari armatuak toki egokietan, etsaiek ustekabean eta amarrukeriaz erasotzen bazuten ere. Baina bat etorriz bukatu zen elkarrizketa.
23. Nikanor Jerusalemen gelditu zen aldi batez, inolako arazorik sortu gabe. Gainera, multzoka bildu izan zitzaion jendea bidali egin zuen.
24. Maiz ikusten zuten elkar Judasek eta biek; Judas oso begiko gertatu zitzaion.
25. Ezkondu eta seme-alabak izan zitzala esan zion. Ezkondu zen, bada, Judas eta lasai bizi izan zen, beste edozein bezala.
26. Nikanorrek eta Judasek elkar ongi hartzen zutela ikustean, Alkimo hitzarmenaren kopia eskuratu eta Demetrio erregeagana joan zen. Nikanor gobernuaren interesen aurka zebilela salatu zion, erreinuaren etsai zen Judas bere ondorengo izendatu zuelako.
27. Maltzur haren salaketak beroturik, erregeak, bere onetik aterata, Nikanorri idatzi zion: egindako hitzarmenagatik haserre zegoela esaten zion eta Makabearra katez lotua berehala Antiokiara bidaltzeko agintzen.