27. Otoitza bukatzean, armak hartu eta bide luzean ibili ziren hiritik kanpora; etsaiengana hurbildurik, gelditu egin ziren.
28. Egunsentiko lehen argi-izpia agertzean ekin zioten borrokari bi gudarosteek. Onik ateratzeko eta garaitzeko itxaropena, beren ausardiagatik ez ezik, Jaunarenganako konfiantzagatik zuten juduek; etsaiek, aldiz, beren amorrua zuten gidari borrokan.
29. Gatazka unerik gogorrenean zegoelarik, zerutiko bost gizon bikain agertu zitzaizkien etsaiei, urrezko hedeak zituzten zaldien gainean jarrita: juduen aurrean ipini ziren
30. eta, Makabearra erdian harturik, beren armez estali zuten. Horrela ezin zuen inork ere zauritu. Etsaiei, berriz, tximista-geziak jaurtitzen zizkieten. Orduan, itsutuak eta nahasiak, sakabanatu egin ziren etsaiak, izuturik.
31. Hogei mila eta bostehun oinezko eta seiehun zaldizko hil zituzten juduek.
32. Timoteok berak ere oso ongi defendatua zegoen hiri gotor batera, Gazara izenekora, egin zuen ihes. Kereas zen han agintari.
33. Makabearraren gizonek, adorez beterik, lau egunez eduki zuten inguratua gotorlekua.
34. Barrukoak, gotorlekua sendoa eta harrapaezina zelakoan, biraoka eta irainka ari zitzaizkien etengabe.
35. Bosgarren eguna argitzean, ordea, Makabearraren gudarosteko hogei gaztek, biraoengatik biziki haserreturik, harresi gainera gizonki jauzi egin eta aurrean jarri zitzaizkienak hil egin zituzten amorru biziz.
36. Era berean, beste batzuk ere, nahasmenduaz baliaturik, barrukoei kontra egitera igo ziren harresi gainera, eta su eman zieten dorreei. Su handiak piztu eta erre egin zituzten biraolariak. Beste batzuek ateak bota eta sarrera eman zioten juduen gudarosteari. Horrela, jabetu egin ziren hiriaz.
37. Putzu batean gordea zegoen Timoteori lepoa moztu zioten, baita beraren anaia Kereasi eta Apolofanesi ere.