2 Makabearrak 10:12-28 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

12. Aurretik, Makron izeneko Ptolomeo izan zen gobernari bi lurralde haietan. Juduei zuzenbide egiten eta bakean gobernatzen saiatu zen lehena izan zen, ordu arte haien kontra egindako bidegabekerien ondoren.

13. Hori zela eta, erregearen adiskideek salatu egin zuten Ptolomeo Makron hura Antioko Eupatorren aurrean. Eta traidore zela etengabe entzun beharrean gertatu zen, Filometorrek ardurapean jarri zion Zipre utzi eta Antioko Epifanesen aldera igaro omen zelako. Horregatik, bere kargua ohorez eraman ezin zuela eta, hilgarria hartu eta bere burua galdu zuen.

14. Gorgias, lurralde haietako gobernari eginik, gudari atzerritarrak bildu eta juduei behin eta berriz erasotzen ari zen.

15. Aldi berean, idumearrek ere, gotorleku egokien jabe eginik, juduei eraso egiten zieten. Eta, Jerusalemdik ihesi joanei babesa emanik, gerra pizten ahalegintzen ziren.

16. Orduan, Makabearraren aldekoek, Jaunari otoitz egin eta guduan lagun izan zezatela eskatu ondoren, Idumeako gotorlekuen kontra jo zuten.

17. Oldarrean eraso eginik, gotorlekuez jabetu ziren juduak, harresietan borrokatzen zirenei atzera eragin ondoren. Lepoa mozten zieten harrapatutako guztiei. Gutxienez, hogei mila lagun hil zituzten.

18. Bi dorre sendo-sendotan, gutxienez, bederatzi mila lagun babestu ziren; inguraturik egon arren, bazuten irauteko behar den guztia.

19. Setio hura egiteko behar hainbat gizonekin Simon eta Jose, Zakeorekin batera, bertan utzirik, Judas Makabearra beste gotorleku batzuetara joan zen, besteak baino bizkorrago hartu behar zirenetara.

20. Dorretan inguratuak zeuden batzuek, ordea, erosi egin zituzten Simonen gizonak, diruzale baitziren hauek. Zilarrezko hirurogeita hamar mila txanpon hartu eta ihes egiten utzi zieten batzuei.

21. Gertatua jakitean, Makabearrak bildu zituen gudarosteko buruzagiak eta aurpegira bota zien errudunei, etsaiei ihes egiten utziz, beren senideak diruarengatik saldu izana.

22. Orduan, traidoreak hilarazi eta berehala hartu zituen bi dorreak.

23. Berak zuzendurik, gudukatzeak arrakasta izan zuen, eta hogei mila lagun baino gehiago hil zuen bi dorreetan.

24. Lehenago juduak nagusitu zitzaizkion arren, Timoteo, atzerritar gudari-talde izugarria eta Asiatik ekarritako zaldi ugari bildu ondoren, Judea armen indarrez hartzeko asmotan agertu zen.

25. Etsaia hurbiltzean, Makabearraren aldekoek beren burura hautsa bota eta gerria jantzi latzez lotu zuten, Jainkoari otoitz eginez.

26. Eta aldarearen oinetan ahuspezturik, lagun ziezaiela eskatzen zioten Jainkoari: egin zedila beraien etsaien etsai eta aurkakoen aurkako, lege-liburuak argi erakusten duen bezala.

27. Otoitza bukatzean, armak hartu eta bide luzean ibili ziren hiritik kanpora; etsaiengana hurbildurik, gelditu egin ziren.

28. Egunsentiko lehen argi-izpia agertzean ekin zioten borrokari bi gudarosteek. Onik ateratzeko eta garaitzeko itxaropena, beren ausardiagatik ez ezik, Jaunarenganako konfiantzagatik zuten juduek; etsaiek, aldiz, beren amorrua zuten gidari borrokan.

2 Makabearrak 10