8. Ondoren, Judako hirixketan, Gebatik Beer-Xebaraino, muinoetako kultu-lekuetan intsentsua erretzen zuten apaizak Jerusalemera etorrarazi zituen, eta kultu-leku haiek profanatu. Jerusalemgo ateetan ziren kultu-lekuak ere desegin zituen, bereziki Josue gobernariaren atetik hirian sartzean ezkerraldera zegoena.
9. Hala ere, kultu-lekuetako apaiz haiek ezin ziren igo Jaunaren aldarera Jerusalemgo tenpluan; baina jan zezaketen, gainerako apaizekin batera, legamia gabeko ogia.
10. Ben-Hinom deritzan haranean zegoen Tofeteko erretegia ere profanatu zuen; horrela, ezin izango zion inork ere suari eman bere seme nahiz alabarik, Molok sasijainkoari eskaintzeko.
11. Era berean, kendu egin zituen Judako erregeek eguzkiaren kulturako ezarriak zituzten zaldi-irudiak; hauek Jaunaren etxeko sarreran zeuden, tenpluari erantsitako aterpe batzuetan, Netan-Melek zeritzan funtzionarioaren gela ondoan. Eta erre egin zituen eguzkiaren kulturako gurdiak.