1 Makabearrak 7:8-25 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

8. Erregeak Bakides hautatu zuen. Erregearen adiskideetako bat zen, Eufrates ibaiaz beste aldera zeuden lurraldeetako gobernaria, gizon handia erreinuan eta leiala erregearentzat.

9. Honek Alkimo traidorearekin batera bidali zuen Bakides; Alkimo apaiz nagusi izendatu zuen eta israeldarren mendekua egiteko agindu zion.

10. Gudaroste handi batekin abiatu ziren. Judea herrialdera heldurik, mezulariak igorri zizkieten Judasi eta anaiei gezurrezko bake-eskaintzak egitera.

11. Judasek eta anaiek, ordea, ez zituzten ontzat hartu haien hitzak, gudaroste handiarekin zetozela ikusi baitzuten.

12. Hala ere, lege-maisuen talde bat Alkimo eta Bakidesekin bildu zen, irtenbide egokia aurkitzeko.

13. Israeldarren artean asidearrak izan ziren bakea eskatzen lehenak.

14. Hau zioten: «Aaronen jatorriko apaiza etorri da gudarostearekin. Ez digu inolako bidegabekeriarik egingo».

15. Bakidesek, onez mintzatu eta zin eginez, esan zien: «Ez dizuegu inolako gaitzik egingo, ez zuei, ez zuen aldekoei».

16. Sinetsi egin zioten. Baina Bakidesek haietako hirurogei hartu eta egun berean hil zituen. Horrela bete zen Liburu Santuak dioena:

17. «Jerusalemen inguruan barreiatu dituzte zure santuen gorpuak eta beraien odola isuri, eta ez die inork ere lur eman».

18. Orduan, herri guztiak, ikaraz eta beldurrez, zioen: «Jendaila hori ez dabil ez egiaz, ez zuzentasunez, hautsi egin baititu eginak zituen hitzarmena eta zina».

19. Bakidesek, Jerusalemdik alde egin eta Bet-Zait deritzan herrian ezarri zuen kanpalekua. Han, berarengandik ihes eginiko asko eta herri hartako zenbait harrapatu, lepoa moztu eta hango osin handira bota zituen.

20. Gero, eskualde hura Alkimoren ardurapean ipini eta, Alkimo zaintzeko gudari-taldea utzirik, erregeagana joan zen Bakides.

21. Alkimok borroka egin zuen, apaizgo nagusia bere esku izateko.

22. Herriaren nahasle guztiak bildu zitzaizkion eta, Judea lurraldeaz jabeturik, kalte handia egin zioten Israeli.

23. Alkimok eta beronen aldekoek israeldarrei jentilek beraiek baino ere kalte handiagoak egiten zizkietela ikusirik,

24. Judeako eskualde guztietan zehar ibili zen Judas, traidoreak zigortuz eta herrialde hartan ibiltzea eragotziz.

25. Judas eta beronen aldekoak geroz eta indartsuago zirela eta ezin ziela aurre egin ikustean, Alkimok erregeagana itzuli eta salakuntza maltzurrak egin zizkion haien kontra.

1 Makabearrak 7