32. Nikanorren gudarosteko bostehun gizon inguru erori ziren; gainerakoek Daviden Hirira egin zuten ihes.
33. Gertakari hauen ondoren, Nikanor Sion mendira igo zen. Zenbait apaiz eta herriko arduradun adiskide gisa ongietorria egitera atera zitzaion santutegitik; erregearen alde eskaintzen zen oparia ere erakutsi nahi zioten.
34. Nikanorrek, ordea, barre eta burla egin zien, iraindu eta lotsagabekeriaz mintzatu zitzaien,
35. zin hau, haserre, eginez: «Judas eta beronen gudarostea oraintxe bertan ematen ez badizkidazue, hurrengoan garaile etortzean, su emango diot tenplu honi». Eta haserre bizian alde egin zuen.
36. Apaizek, berriro sartu eta aldare eta santutegiaren aurrean zutik, oihu egin zuten negarrez:
37. «Zeuk aukeratu duzu toki hau, zuri deitzeko eta zure herriak otoitzak eta eskariak egiteko etxe izan dadin.
38. Zigor itzazu gizon hori eta berorren gudarostea. Eror bitez ezpatapean. Oroit zaitez horiek botatako biraoez eta ez eman atsedenik».
39. Jerusalemdik alde egin eta Bet-Horonen ezarri zuen Nikanorrek kanpalekua; han siriar gudari-talde bat bildu zitzaion.
40. Judasek, berriz, Adasan ezarri zuen berea hiru mila gizonekin. Eta otoitz hau egin zuen:
41. «Asiriarren errege Senakeribek bidalitako haiek zure kontra biraoka jardun zutenean, zure aingeruak etorri eta haietako ehun eta laurogeita bost mila lagun hil zituen.
42. Orain ere, bada, desegin ezazu aurrean dugun gudaroste hori. Eta bizirik geldi daitezenek jakin bezate, Nikanorrek biraoak bota dituela zure tenpluaren kontra. Zigor ezazu merezi duen heinean».
43. Adar hilaren hamahiruan ekin zioten bi gudarosteek borrokari. Nikanorren gudarostea menderatua gertatu zen, eta Nikanor bera hil zen lehena.
44. Nikanor hila zela ikusirik, haren gudariek armak bota eta ihes egin zuten.