1 Makabearrak 7:13-31 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

13. Israeldarren artean asidearrak izan ziren bakea eskatzen lehenak.

14. Hau zioten: «Aaronen jatorriko apaiza etorri da gudarostearekin. Ez digu inolako bidegabekeriarik egingo».

15. Bakidesek, onez mintzatu eta zin eginez, esan zien: «Ez dizuegu inolako gaitzik egingo, ez zuei, ez zuen aldekoei».

16. Sinetsi egin zioten. Baina Bakidesek haietako hirurogei hartu eta egun berean hil zituen. Horrela bete zen Liburu Santuak dioena:

17. «Jerusalemen inguruan barreiatu dituzte zure santuen gorpuak eta beraien odola isuri, eta ez die inork ere lur eman».

18. Orduan, herri guztiak, ikaraz eta beldurrez, zioen: «Jendaila hori ez dabil ez egiaz, ez zuzentasunez, hautsi egin baititu eginak zituen hitzarmena eta zina».

19. Bakidesek, Jerusalemdik alde egin eta Bet-Zait deritzan herrian ezarri zuen kanpalekua. Han, berarengandik ihes eginiko asko eta herri hartako zenbait harrapatu, lepoa moztu eta hango osin handira bota zituen.

20. Gero, eskualde hura Alkimoren ardurapean ipini eta, Alkimo zaintzeko gudari-taldea utzirik, erregeagana joan zen Bakides.

21. Alkimok borroka egin zuen, apaizgo nagusia bere esku izateko.

22. Herriaren nahasle guztiak bildu zitzaizkion eta, Judea lurraldeaz jabeturik, kalte handia egin zioten Israeli.

23. Alkimok eta beronen aldekoek israeldarrei jentilek beraiek baino ere kalte handiagoak egiten zizkietela ikusirik,

24. Judeako eskualde guztietan zehar ibili zen Judas, traidoreak zigortuz eta herrialde hartan ibiltzea eragotziz.

25. Judas eta beronen aldekoak geroz eta indartsuago zirela eta ezin ziela aurre egin ikustean, Alkimok erregeagana itzuli eta salakuntza maltzurrak egin zizkion haien kontra.

26. Demetrio erregeak bere gudalburu ospetsuenetako bat, Nikanor, bidali zuen judu-herria suntsitzera. Nikanorrek gorroto bizia zion Israeli.

27. Gudaroste handi batekin Jerusalemera heldu zenean, gezurrezko bake-mezua bidali zien Nikanorrek Judasi eta anaiei, esanez:

28. «Ez diezaiogun borrokarik egin elkarri. Adiskide gisa joango natzaizue ikustera, gizon banaka batzuk harturik».

29. Joan zen, beraz, Judasengana eta biek adiskide gisa hartu zuten elkar. Etsaiak, ordea, prest zeuden Judas bahitzeko.

30. Nikanor asmo gaizto horrekin zetorkiola ohartzean, Judasek, haserreturik, ez zuen gehiago ikusi nahi izan.

31. Nikanorrek, berriz, bere asmo txarra igarri ziotela konturaturik, Judasen kontrako borrokari ekin zion Kafarsalaman.

1 Makabearrak 7