1 Makabearrak 6:42-52 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

42. Judasek eta beronen gudarosteak aurreratu eta ekin zioten borrokari. Erregearen gudarosteak seiehun gizon galdu zituen.

43. Beste elefanteak baino handiagoa eta errege-oskolaz babestua zihoan bat ikusi zuen Eleazarrek, Abaran deituak, eta uste izan zuen haren gainean joango zela erregea.

44. Orduan, bere burua eman zuen, bere herria salbatu eta betiereko ospea hartzeko.

45. Gudari-taldearen erditik ausarki sartuz, lasterka joan zen aberetzarragana, ezker-eskuin jendea hilez eta bere aurretik etsaiak alde batera eta bestera bazterraraziz.

46. Elefantearen azpira heldu, ezpata sartu eta hil egin zuen. Aberetzarra, ordea, gainera erori zitzaion eta hil egin zen Eleazar.

47. Juduek, berriz, erregearen gudarostearen indar oldartsua ikusirik, atzera egin zuten.

48. Antioko erregearen gudarostea Jerusalemerantz abiatu zen, juduak borrokatzera, eta Judea eta Sion mendiaren kontra joateko prestatu zuen erregeak kanpalekua.

49. Erregeak bakeak egin zituen Bet-Sur hirikoekin eta hauek hiritik irten ahal izan zuten; izan ere, lurrarentzat atseden-urtea zenez, ez zuten janaririk hirian babesturik irauteko.

50. Horrela, erregeak Bet-Sur bereganatu eta gudari-taldea jarri zuen bertan, hiria defendatzeko.

51. Luzaro jardun zuen santutegia inguratzen. Geziak jaurtitzeko dorreak eta gudurako tramankuluak eraiki zituen santutegiari erasotzeko: su- eta harri-jaurtigailuak, azkonak jaurtitzeko uztaiak, baita habailak ere.

52. Inguratuek ere, beren aldetik, tramankuluak eraiki zituzten, etsaienei aurre egiteko. Luzaro iraun zuen guduak.

1 Makabearrak 6