18. Jerusalemgo gotorlekuko gudariek setiatuak zeuzkaten israeldarrak santutegiaren inguruan. Ez zuten egokierarik galtzen israeldarrei kalte egiteko eta jentilei laguntza eskaintzeko.
19. Gudari-talde hura desegiteko asmoz, gudaroste osoa bildu zuen Judasek, jende hura inguratzearren.
20. Bildu zirenean, gotorlekua inguratzen hasi ziren, jaurtigailuak eta gudurako beste zenbait tramankulu eraikiz. Ehun eta berrogeita hamargarren urtea zen.
21. Setiatuak zeudenetako batzuek, hala ere, lortu zuten inguraketari ihes egitea eta, beste israeldar lege-ukatzaile batzuk harturik,
22. Antioko erregeagana jo zuten, esatera: «Noiz arte egon behar duzu gure alde atera gabe eta gure anaiak mendekatu gabe?
23. Gogo onez izan ginen zure aitaren zerbitzari, haren aginduen arabera ibili ginen eta haren legeak bete genituen.
24. Horrexegatik setiatu dute gotorlekua gure herrikide israeldarrek, eta arrotz bezala hartzen gaituzte. Gainera, aurkitu dituzten gutarrak hil egin dituzte eta gure ondasunak ebatsi.
25. Eta gure kontra ez ezik, zure menpeko lurraldeen kontra ere jo dute.
26. Oraintxe bertan, inguratua daukate Jerusalemgo gotorlekua eta hartu egin nahi dute. Santutegia eta Bet-Sur hiria ere sendotu dituzte.
27. Bidea agudo mozten ez badiegu, geroz eta ausartago eginen dira eta ezin izango diezu gero eutsi».
28. Berri hori jakitean, biziki haserreturik, adiskideak eta oinezko eta zalditeriaren gudalburuak bildu zituen erregeak.
29. Beste erreinuetatik eta greziar uharteetatik ere bildu zitzaizkion saripeko gudariak.
30. Ehun mila gudari oinezko, hogei mila zaldizko eta gudurako trebaturiko hogeita hamar elefante zituen erregeak bere gudarostean.
31. Idumean zehar etorririk, inguratu egin zuten Bet-Sur eta luzaro eraso, guda-tramankuluz baliaturik; baina inguratuek irten eta erre egin zizkieten tramankuluak eta oso oldartsu borrokatu ziren.
32. Orduan, Jerusalemgo gotorlekua inguratzeari utzi eta Bet-Zakariasen ezarri zuen Judasek kanpalekua, Antioko erregearen aurrez aurre.