48. Judasek bake-mezua bidali zien esanez: «Utzi zeuen lurraldean barrena igarotzen geurera joateko; inork ere ez dizue kalterik egingo, oinez igaro besterik ez dugu nahi eta». Hala ere, ez zieten sarrera ireki nahi izan.
49. Orduan, bakoitza, zegoen tokian, erasotzeko prest egoteko agindua zabaldu zuen Judasek gudarostean.
50. Gudariak erasorako prestatu zirelarik, Judasek egun eta gau osoan eraso zion hiriari, hartu zuen arte.
51. Gizaseme guztiak ezpataz hil ondoren, hiria xehatu, harrapakinak hartu eta gorpuen gainetik igaro zen hirian zehar.
52. Gero, Jordan ibaia igaro zuten, Bet-San hiriaren aurrez aurre dagoen Lautada Handian sartzeko.
53. Ibilaldi osoan, atzean geldituak bilduz eta herria suspertuz joan zen Judas, Judea lurraldera heldu ziren arte.
54. Sion mendira alai eta pozik igo eta erre-opariak eskaini zituzten, beren arteko bat ere galdu gabe onik itzuli zirelako.
55. Judas eta Jonatan Galaaden zirelarik eta haien anaia Simon Galilean, Ptolemaidaren aurrez aurre,