45. Judasek Galaad lurraldeko israeldar guztiak bildu zituen Judea lurraldera eramateko, txiki eta handi, emakume, seme-alaba —jendetza oso handia— eta ondasunak ere bai.
46. Bidean zihoazela, hiri handi eta indartsura, Efronera, heldu ziren. Haren erditik igaro beharra zuten nahitaez, ez baitzuten beste biderik.
47. Hango bizilagunek, ordea, eragotzi egin zieten igarotzea eta harriz itxi zituzten sarrerak.
48. Judasek bake-mezua bidali zien esanez: «Utzi zeuen lurraldean barrena igarotzen geurera joateko; inork ere ez dizue kalterik egingo, oinez igaro besterik ez dugu nahi eta». Hala ere, ez zieten sarrera ireki nahi izan.
49. Orduan, bakoitza, zegoen tokian, erasotzeko prest egoteko agindua zabaldu zuen Judasek gudarostean.
50. Gudariak erasorako prestatu zirelarik, Judasek egun eta gau osoan eraso zion hiriari, hartu zuen arte.
51. Gizaseme guztiak ezpataz hil ondoren, hiria xehatu, harrapakinak hartu eta gorpuen gainetik igaro zen hirian zehar.
52. Gero, Jordan ibaia igaro zuten, Bet-San hiriaren aurrez aurre dagoen Lautada Handian sartzeko.