16. Judasek eta herriak, albiste horiek entzutean, biltzar handia egin zuten, etsaiek hala estutzen eta erasotzen zituzten senideei nola lagundu erabakitzeko.
17. Judas honela mintzatu zitzaion bere anaia Simoni: «Hartu gizonak eta hoa Galileako senideak libratzera; anaia Jonatan eta biok Galaadeko eskualdera joango gaituk».
18. Judea defendatzeko, Zakariasen seme Jose eta Azarias, herriko arduraduna, utzi zituen gainerako gudarostearekin,
19. eta agindu hau eman zien: «Zuen buruzagitzapean gelditzen da gudari-talde hau; baina ez egin borrokarik jentilen kontra gu itzuli arte».
20. Simoni hiru mila gizon eman zizkioten Galilean borrokatzeko eta Judasi zortzi mila, Galaaden borrokatzeko.
21. Galileara heldurik, Simonek borroka ugari egin zuen jentilen kontra, menderatu eta ihes eragin zien.
22. Ptolemaida hiriko ateetaraino pertsegitu zituen. Hiru bat mila jentil erori zen hilik, eta Simonek hartu egin zituen haien ondasunak.
23. Ondoren, Galilean eta Arbata izeneko eskualdean bizi ziren juduak, beren emazte, seme-alaba eta zuten guztiarekin hartu eta Judeara eraman zituen pozaren pozez.
24. Bitartean, Judas Makabearrak eta beronen anaia Jonatanek Jordan ibaia igaro eta basamortuan barrena hiru eguneko ibilaldia egin zuten.
25. Nabatearrak aurkiturik, nabatear haiek harrera baketsua egin zieten eta Galaadeko eskualdean bizi ziren juduei gertatuaren berri eman,
26. hau da, inguratuak zeudela Bosora, Bosor, Alema, Kasio, Maked eta Karnain hiri handi eta indartsuetan,
27. eta Galaadeko beste hirietan ere halaxe zeudela; gainera, biharamunean gotorleku guztiei eraso, hartu eta judu guztiak egun berean desagerrarazteko asmoa zutela etsaiek.
28. Judasek, berehala, Bosorarako bidea hartu zuen, basamortuan zehar, bere gudarostearekin. Hiriaz jabetu, gizaseme guztiak ezpataz hil eta, hiriko ondasunak hartu ondoren, su eman zion.