1 Makabearrak 4:40-60 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

40. Gero, lurrean ahuspeztu eta, turutek seinalea ematean, deiadar egin zioten Jainkoari.

41. Santutegiaren garbikuntza egin arte, gotorlekukoen aurka borrokatzeko agindua eman zien Judasek bere gizonei.

42. Gero, akatsik gabeko apaizak, legezale zirenak, aukeratu zituen;

43. haiek santutegiaren garbikuntza egin zuten eta harri kutsagarriak toki lohi batera eraman.

44. Profanatua zegoen erre-oparietarako aldarearekin zer egin eztabaidatu zuten.

45. Iritzi onez, aldarea desegitea erabaki zuten; horrela, ez zitzaien lotsagarri gertatuko, jentilek profanatua baitzen. Desegin zuten, beraz, aldarea,

46. eta tenplua zegoeneko mendian, toki berezi batean, utzi zituzten harriak, berauekin zer egin esango zuen profetaren bat agertu arte.

47. Ondoren, legeak agintzen duenaren arabera, landu gabeko harriak hartu eta lehengoa bezalako aldarea eraiki zuten.

48. Santutegia eta tenplu barrua konpondu eta atariak sagaratu zituzten.

49. Tresna sakratu berriak ere egin zituzten, eta tenplu barruan argimutila, intsentsua erretzeko aldarea eta mahaia jarri.

50. Gero, aldare gainean intsentsua erre, eta izeki zituzten argimutileko kriseiluak, tenpluan argi egin zezaten.

51. Jainkoari eskainiriko ogiak mahaian ezarri eta oihalak eseki zituzten. Horrela bukatu zuten hasitako lana.

52. Seleukotarren agintealdiko ehun eta berrogeita zortzigarren urteko bederatzigarren hilaren, hau da, Kisleu hilaren, hogeita bostean, egunsentian jaiki

53. eta sakrifizioa eskaini zuten legearen arabera, egin berria zuten erre-oparietarako aldarean.

54. Kantu artean, zitara, harpa eta txilinak joz, inauguratu zuten tenplua, hiru urte lehenago jentilek profanatua zuteneko egun berean, hain zuzen.

55. Herri osoak, lurreraino ahuspezturik, goretsi egin zuen beraien asmoak ongi burutzea eman zien Jainkoa.

56. Zortzi egunez ospatu zuten aldarearen sagaratzea, eta erre-opariak eskaini zituzten bozkarioz, baita elkartasun-opariak eta esker oneko opariak ere.

57. Urrezko koroaz eta babeski txikiz apaindu zuten tenpluaren aurrea, sarrerak eta gelak konpondu eta ateak ipini zizkieten.

58. Herria biziki poztu zen, eta jentilek eginiko nardagarrikeria ezabatua gelditu zen.

59. Aldarea sagaratzearen urteurrena bere garaian, Kisleu hilaren hogeita bostetik aurrera, zortzi egunez alai eta pozik urtero ospatzea erabaki zuen Judasek, anaiekin eta israeldarren biltzar osoarekin batera.

60. Aldi hartan, Sion mendiaren inguruan harresi garaiak eta dorre sendoak eraiki zituzten, jentilek lehen bezala leku haiek zapal ez zitzaten.

1 Makabearrak 4