1 Makabearrak 3:10-28 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

10. Jentilak eta Samariako gudari-talde handia bildu zituen Apoloniok, Israelen kontra gudukatzeko asmoz.

11. Judasek, hori jakitean, bidera atera, menderatu eta hil egin zuen Apolonio. Jende asko erori zen zauritua; gainerakoek ihes egin zuten.

12. Harrapakinak bildurik, Judasek beretzat hartu zuen Apolonioren ezpata, eta aurrerantzean ezpata hura erabili zuen bere bizitzako gudukatze guztietan.

13. Gudura joateko asmoz Judasek bere inguruan gudari eta jende-talde leiala bildu zuela jakitean, Seronek, Siriako gudarostearen buruzagiak,

14. esan zuen bere baitan: «Izen handia eta ospea lortuko dut erresuma osoan, erregearen aginduak mespretxatzen dituzten Judasen eta beronen gizonen aurka borrokatuz».

15. Horrela, bada, jentil-talde indartsua berekin zuela, abiatu zen Seron, israeldarren mendekua egiteko asmoz.

16. Bet-Horoneko aldapara hurbiltzen ari zela, bidera atera zitzaion Judas gizatalde txiki batekin.

17. Hauek, nolako gudarostea zetorkien ikustean, esan zioten Judasi:—Nola borrokatuko gara gu, honen gutxi izanik, horrelako jendetza handi eta indartsuaren kontra? Gainera, oso ahulduak gaude, baraurik baikaude egun osoan.

18. Judasek ihardetsi zien:—Erraz eror daiteke jendetza handia gutxi batzuen esku. Berdin baitio Jainkoari askoren nahiz gutxiren bidez salbatu.

19. Borrokan garaipena ez du gudaroste handia izateak ematen, zerutik datorren indarrak baizik.

20. Harrokeriaz eta maltzurkeriaz gainezka datozkigu, gu, gure emazteak eta haurrak hondatu eta gure ondasunez jabetzeko asmoz.

21. Gu, aldiz, geure bizia eta ohiturak defendatzeko borrokatzen gara.

22. Jainkoak hondatuko ditu gure aurrean. Ez izan horien beldur.

23. Hitz egiten bukatu orduko, ekin zion Judasek ustekabean etsaien kontra eta menderatu egin zituen Seron eta beronen gudarostea,

24. eta beraien ondoren joan zen Bet-Horongo maldan behera, lautadaraino. Zortziehun etsai inguru hil ziren; gainerakoek ihes egin zuten filistearren lurraldera.

25. Inguru haietako jentilak Judasi eta beronen anaiei beldurra hartzen hasi ziren.

26. Antioko erregeaganaino heldu zen haren izena, eta herri guztietan mintzatzen ziren Judasen guduez.

27. Horren guztiaren berri izatean, haserre biziz suturik, bere erreinuko indar guztiak bildu eta gudaroste arras indartsua antolatzeko agindu zuen Antiokok.

28. Bere altxortegia ireki eta urte beteko soldata eman zien gudariei, edozertarako prest egoteko aginduz.

1 Makabearrak 3