1 Makabearrak 2:51-70 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

51. «Izan gogoan gure arbasoek beren garaian egin zituztenak. Ospe handia hartuko duzue eta betiereko izena.

52. «Abraham, Jainkoak aztertu zuenean, ez al zen leial izan? Horregatik, Jainkoak zuzenetsi egin zuen.

53. «Josek bere atsekabealdian ere bete zuen agindua, eta Egiptoko jaun egin zuten.

54. «Gure arbaso Pinhasi, bere maitemin gartsuarengatik, bere ondorengoak beti apaiz izango zirela hitzeman zion Jainkoak.

55. «Josue, Jainkoaren agindua betetzeagatik, Israelen buruzagi izan zen.

56. «Kaleb, biltzarraren aurrean egin zuen testigantzagatik, lurraldeko ondarearen partaide izan zen.

57. «Davidek, bere zintzotasunagatik, errege-aulkia hartu zuen betiko.

58. «Elias, legearentzat zuen maitemin sutsuarengatik, zerura jaso zuten betiko.

59. «Ananias, Azarias eta Misael, Jainkoarengan izan zuten uste onagatik, salbatu egin ziren sugarretatik.

60. «Daniel, errugabe izateagatik, libratu egin zen lehoien haginetatik.

61. «Ikusten duzue, beraz, gizaldiz gizaldi ez dutela huts egiten Jainkoarengan itxaroten dutenek.

62. Ez izan, bada, errege bekatari horren mehatxuen beldur, horren handikeria gorotz eta har bihurtuko baita.

63. Gaur gorenean dago, baina bihar ez dute ikusi ere egingo, bera hauts bihurtuko baita eta berorren asmoek huts egingo.

64. Semeok, izan sendo eta iraun tinko Jainkoaren legean, lege horrek beteko baitzaituzte aintzaz.

65. Horra hor zuen anaia Simon; gizon zentzuduna da. Entzun iezaiozue beti; aita bezala izanen duzue.

66. Judas Makabearra ausarta da gaztetandik; gudalburu izanen duzue eta berak zuzenduko du jentil-herrien kontrako borroka.

67. Bil itzazue zeuengana legea betetzen duten guztiak, mendekatu zeuen herria,

68. itzuli jentil-herriei berek egin dizueten kaltea eta bete arretaz legearen aginduak».

69. Ondoren, bere semeak bedeinkatu eta hil egin zen.

70. Seleukotarren agintealdiko ehun eta berrogeita seigarren urtea zen. Modin hirian ehortzi zuten, bere gurasoen hilobian. Israel osoak dolu handia egin zuen Matatiasengatik.

1 Makabearrak 2