1 Makabearrak 2:37-51 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

37. Hau zioten: «Hil gaitezen denok errugabe izanez. Zeru-lurrak ditugu testigu bidegabekeriaz hiltzen gaituztela».

38. Horrela, bada, erasoa larunbatez egin zietenez, erantzun gabe hil ziren judu haiek beren emazte, seme-alaba eta abereekin batera. Mila lagun inguru ziren.

39. Gertakari haren berri jakitean, Matatiasek eta lagunek saminki egin zuten negar,

40. eta esan zioten elkarri: «Denok gure senide horiek bezala egiten badugu, geure bizia eta ohiturak defendatzeko jentilen kontra borrokatzen ez bagara, berehala suntsituko gaituzte lurretik».

41. Eta egun hartan, erabaki hau hartu zuten: «Erasoa larunbatez egiten badigute ere, aurre egingo diegu, leize-zuloetan hil ziren senide haiek bezala ez hiltzeko».

42. Egun haietan, asidear-talde handia bildu zitzaien. Israeldar ausart eta lege-betetzaileak ziren.

43. Haietaz gainera, hondamendi hari ihes egin nahi izan zioten guztiak ere bildu zitzaizkien, Matatiasen taldea indartuz.

44. Gudarostea eraturik, haserre eta amorruz, bekatarien eta lege gabekoen kontra oldartu ziren. Etsaietatik bizirik geldituak atzerrira joan ziren ihesi, beren buruak salbatzeko.

45. Matatias eta lagunak herriz herri ibili ziren, aldareak porrokatuz,

46. Israelen erdaindu gabe aurkitzen zituzten mutikoak erdaintzera behartuz

47. eta lehen harro jokatu zutenak pertsegituz. Ongi atera zitzaien dena.

48. Horrela, jentilen eta erregeen menpetik salbatu egin zuten legea, errege bekatari hari nagusitzen utzi gabe.

49. Matatiasek, bizitza bukatzear zuelarik, esan zien semeei:«Horra, harrokeria eta bidegabekeria dira orain nagusi; hondamendi eta haserre biziaren aldia da.

50. «Ene semeok, izan ezazue legearekiko maitemina; eman zeuen bizia Jainkoak gure arbasoekin egin zuen itunaren alde.

51. «Izan gogoan gure arbasoek beren garaian egin zituztenak. Ospe handia hartuko duzue eta betiereko izena.

1 Makabearrak 2