29. Aldi hartan, judu asko, legearekiko leial eta zuzen izan nahirik, basamortura jaitsi zen, bertan bizitzeko asmoz,
30. beren emazte, seme-alaba eta abereekin. Izan ere, zorigaitz gogorra zuten gainean.
31. Jakinarazi zieten erregearen funtzionarioei eta Jerusalemen, Daviden Hirian, bildua zegoen gudarosteari, erregearen agindua bete ez zutenak basamortura joanak zirela leize-zuloetan gordetzera.
32. Orduan, gudari-multzo handi bat haien ondoren abiatu zen, eta aurkitu zituztenean, haien aurrez aurre ezarri zuten kanpalekua eta erasotzeko prestatu ziren. Larunbata zen.
33. Agindu hau eman zieten juduei:—Aski da! Atera hortik, bete erregearen agindua, eta salbatuko duzue bizia.
34. Juduek erantzun zuten:—Ez gara aterako hemendik, ezta beteko ere erregearen agindua. Ez dugu hautsiko larunbatari buruzko legea.
35. Orduan, eraso egin zieten.
36. Baina juduek ez zuten erantzun, ez harriak jaurtiz, ez leize-zuloak itxiz.
37. Hau zioten: «Hil gaitezen denok errugabe izanez. Zeru-lurrak ditugu testigu bidegabekeriaz hiltzen gaituztela».
38. Horrela, bada, erasoa larunbatez egin zietenez, erantzun gabe hil ziren judu haiek beren emazte, seme-alaba eta abereekin batera. Mila lagun inguru ziren.
39. Gertakari haren berri jakitean, Matatiasek eta lagunek saminki egin zuten negar,