1 Makabearrak 2:16-32 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

16. Israeldar asko funtzionarioengana joan zen; Matatias eta semeak, ordea, aparte gelditu ziren, denak batera.

17. Erregeak bidalitako funtzionarioak honela mintzatu zitzaizkion Matatiasi:—Buruzagi ospetsu eta indartsua zara hiri honetan, eta zeure seme eta senideek babesten zaituzte.

18. Aurrera zaitez, beraz, beste inor baino lehen eta bete erregearen agindua, beste herrialdeetakoek, Judeako jendeak eta Jerusalemen gelditu direnek egin duten bezala. Orduan, zu eta zure semeak erregearen adiskideetakoak izanen zarete, eta zilar, urre eta esku-erakutsi asko emanen dizue saritzat.

19. Matatiasek, ordea, esan zuen ahots handiz:—Erregearen menpeko beste herri guztiek, erregearen aginduak betez, beren arbasoen erlijio-ohiturak baztertzen badituzte ere,

20. nik, nire seme eta senideek Jainkoak gure arbasoekin egindako itunari eutsiko diogu.

21. Jainko errukitsuak ez dezala nahi guk legea eta aginduak bazter ditzagun.

22. Ez ditugu beteko erregearen aginduak, ezta aldatuko ere ezertan geure erlijio-ohiturak.

23. Matatiasek hitz hauek esan zitueneko, judu bat, denen bistan aurreratu zen Modin hirian eraikia zegoen aldare gainean sakrifizioa eskaintzera, erregeak agindu bezala.

24. Hori ikustean, sutu egin zitzaion barrua Matatiasi. Legearekiko maiteminak eraginik, amorru bizian, lasterka joan eta lepoa moztu zion judu hari aldare gainean.

25. Jendea sakrifizioak eskaintzera behartzen zuen funtzionarioa ere hil egin zuen, eta aldarea porrokatu.

26. Legearekiko maiteminetan suturik, antzina Pinhasek Saluren seme Zimriri egina bera egin zuen Matatiasek.

27. Gero, oihu handiz esan zuen hirian barrena: «Legea maite izan eta itunari eutsi nahi diotenak betoz nirekin!»

28. Matatiasek bere semeekin mendira egin zuen ihes, hirian zuen guztia utzirik.

29. Aldi hartan, judu asko, legearekiko leial eta zuzen izan nahirik, basamortura jaitsi zen, bertan bizitzeko asmoz,

30. beren emazte, seme-alaba eta abereekin. Izan ere, zorigaitz gogorra zuten gainean.

31. Jakinarazi zieten erregearen funtzionarioei eta Jerusalemen, Daviden Hirian, bildua zegoen gudarosteari, erregearen agindua bete ez zutenak basamortura joanak zirela leize-zuloetan gordetzera.

32. Orduan, gudari-multzo handi bat haien ondoren abiatu zen, eta aurkitu zituztenean, haien aurrez aurre ezarri zuten kanpalekua eta erasotzeko prestatu ziren. Larunbata zen.

1 Makabearrak 2