1 Makabearrak 13:37-50 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

37. Hartu ditugu bidali dizkiguzuen urrezko koroa eta palmadarra. Prest gaude zuekin erabateko bakeak egiteko, zergak ordaindu beharra ken diezazueten aginduz funtzionarioei idazteko ere bai.

38. Bego sendo zuen alde erabaki dugun guztia. Eta eraiki dituzuen gotorlekuak izan bitez zuenak.

39. Barkatzen dizkizuegu orain arte eginiko huts eta hobenak. Aurrerantzean ez dizuegu eskatuko zor diguzuen koroa, ezta Jerusalemek ordaindu behar lukeen beste zergarik ere.

40. Zuen artekoren batzuk gure gudari-taldean sartzeko gai badira, eman bezate izena eta izan bedi bakea gure artean».

41. Seleukotarren agintealdiko ehun eta hirurogeita hamargarren urtean askatu zen Israel atzerritarren uztarpetik.

42. Handik aurrera, herriak honako data hau idatzi ohi zuen agiri eta hitzarmenetan: «Simon, apaiz nagusi handi, gudalburu eta juduen buruzagiaren lehen urtean».

43. Egun haietan, Gazara hiria inguratu eta setiatu egin zuen Simonek bere gudarostearekin. Zurezko dorre higikorra egin eta, hirira hurbildurik, harresietako dorre bat eraitsi eta hartu egin zuen.

44. Dorre higikorreko gudariak salto egin eta hirian sartu ziren. Hango gizonak, erabat izutuak,

45. harresi gainera igo ziren beren emazte eta seme-alabekin, jantziak urraturik. Eta bakeak egiteko eskatu zioten oihuka Simoni.

46. Hau zioten: «Ez gaitzazu hartu gure gaiztakeriak merezi duenaren arabera, zeure errukiaren arabera baizik».

47. Simonek bakeak egin zituen haiekin eta ez zien gehiago eraso. Baina bota egin zituen hiritik eta garbiarazi idolorik zeukaten etxeak. Orduan sartu zen bera hirian, gorazarre eta gorespen-kantu artean.

48. Gauza kutsatu guztiak bota eta legea betetzen zuen jendea sarrarazi zuen hirian. Gero, hiria gotortu eta etxea eraiki zuen beretzat.

49. Etsaiak Jerusalemgo gotorlekuan zeuden kanpora atera ezinik, ez saltzera, ez erostera. Gose handia jasaten ari ziren eta jadanik jende asko goseak hila zen.

50. Haiek ere bakeak egiteko eskatu zioten Simoni, eta honek bakeak egin zituen. Gudariak handik bota eta bertako gauza kutsatuak kenduz, garbitu egin zuen gotorlekua.

1 Makabearrak 13