1 Makabearrak 13:20-28 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

20. Gero, gainera, lurralde hura hartu eta hondatzeko asmotan abiatu zen Trifon. Adorarako bidean zehar bira egin zuen; baina zihoan bide guztietara ateratzen zitzaion Simon, aurre egitera.

21. Bitartean, Jerusalemgo gotorlekukoek mezulariak bidali zizkioten Trifoni, basamortuan zehar, albait lehen beraiengana joateko eta janaria eramateko eskatuz.

22. Trifonek bere zalditeria osoa abiatzeko prestatu zuen; baina gau hartan izugarrizko elurtea bota zuen eta ezin izan zen joan. Orduan, Galaadera jo zuen.

23. Baskama hirira hurbiltzean, hil egin zuen Jonatan, eta bertan ehortzi zuten.

24. Gero, bere herrira itzuli zen Trifon.

25. Simonek bere anaia Jonatanen gorpua ekarrarazi eta Modinen, beren gurasoen hirian, ehortzi zuen.

26. Dolu handia egin zion Israel osoak eta negar handiak egun askotan.

27. Simonek bere aita eta anaien hilobi gainean eraikuntza handi bat eginarazi zuen, urrutitik ikusteko erakoa, aurretik eta atzetik harlanduz egina.

28. Zazpi piramide ere eraiki zituen, bata bestearen ondoan, bere aita, ama eta lau anaien omenez.

1 Makabearrak 13